Eskualdearen egoera azaltzeaz gain, Debabarreneko egoerari buelta emateko garapen agentziak beharrezkotzat jotzen dituen neurriak azaldu zituen zuzendariak: “Neurri horiek eskualdeko zortzi udalek eta Garapen Agentziako zuzendaritzak osatzen dugun Debegesako Administrazio Kontseiluan landu dira eta horietako batzuk dagoeneko aipatu dira orain arte beste administrazio batzuetan egindako agerraldietan”.
Ponentzia honen helburua da Debabarrena eskualdea eta berau osatzen duten udalerriak ekonomikoki suspertzeko beharra mahaigaineratzea eta hori bideratzeko baliabideak zein jarduera espezifikoak eskuratzeko bidea zabaltzea Legebiltzarrean.
Balbásek lurralde-orekako prozesuak abian jartzeko premia azpimarratu zuen bere hitzaldian, eskualdea non dagoen (Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuen tartean) kontuan hartuta. Bere esanetan, “eskualdean arazoak ditugu biztanleria-galerarekin, zahartze-indize handiegia, langabezia-tasa Gipuzkoako batez bestekoaren eta EAE baino handiagoa, DSBE jasotzen duten pertsonen ehuneko handia, benetako pobrezia-tasa handia eta orain dela urte batzutatik hona jasaten ari garen industria-pisuaren galera gehitu behar zaie aurrekoei”.
Debegesako zuzendariarentzat bereziki garrantzitsuak direnen artean honako hauek daude: hiri-birsorkuntzari eta antzinako industria-erabilerako eraikinen birgaitzea; enplegu inklusiboa sortuko duten programak; sormen eta kultura-industriak garatzea; azpiegitura industrialen (zehazki, lurzorua eta banda zabala) hedatzea; eta industria suspertzeko jarduerak, “lurralde erakargarri eta lehiakorra lortzeko”.
Horrez gain, Foru Aldundiek Debabarrena administrazioaren beraren inbertsio estrategikoen kokapen-eremu gisa izan dezaten eskatu zuen, aipaturiko eskaerak “elkarlaneko gobernantza-eredu baten bidez” egin behar direla gehituta.
Erakundeak ez ezik, alkateak ere bai
2021eko urriaren 7an Eusko Legebiltzarrak Debabarreneko eskualdea eta bertan sartzen diren udalerriak suspertzeko ponentzia eratzea erabaki zuen, EAJ-PNVk, EH Bilduk eta Euskal Sozialistak–Socialistas Vascos taldeek egindako proposamenari erantzunez.
Hori dela eta, Debegesa bezalako erakundeetako ordezkariek ez ezik, azken asteotan eskualdeko zortzi udalerrietako alkateek ere parte hartu dute Debabarrena suspertzeko ponentzia Legebiltzarrean aurkezten. Urtarrilaren 12an izan zen bertan, hain justu, Debako alkate Gilen Garcia.