ELKARRIZKETA

Amaia Zinkunegi: “Euskara elkartea osatzearen ideiarekin hasi eta berehala batu ziren hainbat herritar proiektura”

Berriketan 2022ko abe. 21a, 12:44

Atzera begira jarri dugu Amaia Zinkunegi Zipitria, elkartearen hastapenak ezagutu nahian. Zuhatzaren sorreran parte hartu zuen eta ondo ezagutzen ditu orain 25 urte ezarritako oinarriak eta helburuak, baita elkarteak egindako bidea ere. Elkartearen iraganaz eta orainaz aritu da.

Noiz eta nola sortu zen Zuhatza Euskara Elkartea? Nor hasi zen mugimendua sortzen herrian? Zer asmorekin?
Elkartea eratzeko batzar ofiziala 1997ko abenduan egin zen, Kultur Elkartean. Aurkezpen ofiziala, nolabait esateko. Ordurako bagenbiltzan talde bat lanean, jarritako helburuei begira, elkarteak izan zitzakeen lantaldeak definitzen, egitura posibleak aztertzen… Egia esan, nire burua ez da batere ona, baina esango nuke neu hasi nintzela inguruko jendearekin euskara elkartearen ideia konpartitzen. 89-90ean hasi nintzen udaletxean euskara teknikari lanetan; ordurako martxan zen Udaletako Euskara Teknikarien Sarea: bakoitza zertan zebilen eta nola ari zen partekatzeko eta hausnarketak egiteko, sinergiak batzeko, eraginkorragoak izateko, foro bat zen. Partekatze horietan argi eta garbi ateratzen zen ideia nagusietako bat hauxe zen: euskara normalizatu nahi bada, baliabide gehiago dituzten erakunde publikoak ez ezik herri mugimendua ere (herritarren indar eraldatzailea) behar-beharrezkoa dugu; are gehiago, herri mugimendurik gabe, herritarren akuilu eta inplikaziorik gabe, erakunde publikoetatik datorrena kamuts geratuko da.

Inguruetako beste euskara talde batzuen sorrerarekin batera jaio al zen Debako elkartea bera ere?
Ordurako baziren eredu edo erreferente garrantzitsu batzuk: Arrasate Euskaldun Dezagun elkartea, adibidez, 1983tik ari zen lanean (kooperatiben mundutik sortu zen, hain zuzen, Mondragon Kooperatibak herrigintzarekin izan duen loturaren erakusgarri). AEDren eredua 1990 inguru hartan zabaldu zela esango nuke. Garai hartan sortu ziren Galtzaundi Tolosan, Jardun Bergaran, Elgoibarko Izarra Elgoibarren (1963tik zetorren kultur elkartea eraldatuz), Karkara Orion, Ttakun Lasarten, …eta kitto! Eibarren, eta abar. Haien atzetik iritsi ginen gu. Euskara elkartearen ideia zabaltzen hasi ginenean, beraz, helburua zen herritar talde sendo bat eratzen joatea euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin bat egingo zuena eta eginkizun horretan gutxi-asko inplikatuko zena.

“500 pertsona horiek euskararen erabileran aktiboki eragile izan daitezen lan egitea izan daiteke Zuhatzarentzako erronka handi bezain eder bat”

Nola gogoratzen dituzue elkartearen hastapenak?
Esango nuke ilusioz abiatu ginela. Euskara elkartea osatzearen ideiarekin hasi eta berehala batu ziren hainbat herritar proiektura. Uste dut zaindu genuela, baita ere, pentsaera politiko desberdinetako jendea egon zedin bertan. Inportantea iruditu zitzaigun hori garai hartan. Gogoratzen dut nola biltzen ginen Kultur Elkarteko lur azpiko gelan (hango itxi usaina eta argia) eta nola eztabaidatzen genituen gaiak: zeri eman lehentasuna (kultura, herriko taldeen martxa, aldizkaria,…), gai administratiboak (estatutuak bai ala ez, adibidez), diru iturriak nondik lortu eta kontuak nork eraman…

Hasieran ezarritako oinarriei edota helburuei eutsi al die Zuhatzak urteotan? Zer deritzozu elkarteak izan duen bilakaerari? Nola ikusten duzu gaur egun?
Bai, noski. Euskalgintzan jarraitzen du Zuhatzak. Aldizkariarekin egin du aurrerapen handiena, nik uste. Orain, gainera, digitalera jauzi eginda, pentsatzekoa da errazago irakurriko dutela hainbat eta hainbatek. Bailara mailako proiektua ere martxan da eta hori beste jauzi kualitatibo bat izango da, hain eskura dauzkagun erdal egunkarien aurrean, beste alternatiba bat eskainiko digulako herritarroi. Baina ez dugu ahaztu behar azken urteetan udaleku irekiak ere kudeatu izan dituela Zuhatzak herriko haurrei euskaraz bizitzeko tarteak eskainiz. Kulturgintzan ere ari da, literatur lehiaketak antolatuz edo, azken urteetan, Euskaraz Bagera zikloa antolatzeko herriko kultur taldeak koordinatuz, esaterako. Bestalde, bazkide kopuruak ere nabarmen egin du gora azken urteotan, zuzendaritzak egindako lanari esker. 500 bazkidetik gora. Bada zerbait. 500 pertsonak zilegitasun eta sendotasun handia ematen diote elkarteari hainbat premia, ekonomikoak ez ezik baita hizkuntzen erabileraren gaineko erabakiak ere, mahai gainean jartzerakoan. 500 pertsona horiek euskararen erabileran aktiboki eragile izan daitezen lan egitea izan daiteke Zuhatzarentzako erronka handi bezain eder bat.

[Zuhatza Euskara Elkartea, 25 urte hamaika bidelagun albiste nagusira bueltatzeko, sakatu HEMEN]