ELKARRIZKETA

Itziar Arana: “Elkarteko zuzendaritza eta lantaldea indartzea izango da aurrera begirako erronka nagusia”

Berriketan 2022ko abe. 21a, 13:07

Gaur egun, euskara elkarteko aurpegi ezagunenetariko bat da Itziar Arana Aizpuruarena herrian, azken urteotan Zuhatzako lehendakari lanetan dabil eta. Mende laurdena aitzakia hartuta, azkenaldian egindako ibilbideaz, egungo egoeraz eta etorkizuneko erronkez hitz egin du ondoko solasaldian.

Mende laurdena, ez da gutxi euskara elkarte batentzat, ezta?
Ez, noski! 100 urtean bizitzeko esperantza izanez gero, ez. Baina sinetsi nahi dut Zuhatzaren beharrik ez dela izango hemendik 50 urtera.

Noiztik diharduzu elkarteko lehendakari lanetan?
Egia esan, ez naiz gogoratzen urte kopuruaz, konturatu orduko pasatu zaizkit eta! Baina gogoan dut Zuhatzak hausnarketa edo gogoeta prozesua abiatu zuela 2016an eta prozesu haren harira sortutako zuzendaritza berrian hartu nuela lehendakari lanetan aritzeko ardura, beti elkarlanean gauzatu den ardura.

Zein izan da azken urteotako ibilbidea?
Azken urteetan, betidanik egin izan ditugun jarduerei eutsi nahi izan diegu: Mintzalaguna egitasmoa, gazteei zuzendutako literatur lehiaketa, Euskal Jaiko bazkari herrikoia, Kolore Anitz taldearekin aisialdia, Olentzero eta Mari Domingi… Era berean, euskararen bueltan herriko talde, elkarte eta pertsonekin saretzea ere beti izan dugu helburu, bide horretan Euskeraz Bagera programazio bateratua elkarlanean antolatuz edo udan ere kultur eragileekin ekimen ezberdinetan parte hartuz, adibidez. Bestalde, Zuhatzan ikusgarritasun, lan karga eta aldaketa handienak eragin dizkigun BERRIKETAN hilabetekaria argitaratzeaz gain, sareetara jauzia egin eta web orria martxan jarri izana ere azpimarratuko nuke azken urteotako ibilbideari dagokionean. Lan horiekin guztiekin batera, BERRIKETAN-en bitartez Zuhatza DKT eskualdeko komunikazio proiektuko parte ere bada gaur egun.

“Eskertuko nieke 25 urte hauetan bidelagun izan ditugunei erronka berri hauetan ere gurekin jarraitzea”

Hainbat jarduera eta proiektu aipatu dituzu, baina zailtasunik ere izan du elkarteak urte hauetan guztietan, ezta?
Euskara elkartearen eta hedabidearen lanak aurrera eramatea izan da zailtasun nagusiena, erakundeek eskatu edo ezarritako baldintzei egokitu ezinda ibili baikara. Dirulaguntzak jasotzeko, adibidez, Berriketan-ek webgunea izatera “behartu” gintuzten, nolabait esatearren, eta horrek guztiak kale edo bale erabakitzera behartu gintuen; aurre egitera ausartu eta pandemiak hondoratu gintuen.

Galera ekonomiko garrantzitsuak bizi izan ditu elkarteak azken boladan.
Hartutako erabakiek eta pandemiak ekonomikoki ataka estuan ipini gintuzten, bai. Hala ere, eskertzekoa da zabaldu genuen larrialdi mezuari herriak emandako babesa, behar genituen bazkideak lortu baikenituen elkartea ekonomikoki sostengatu ahal izateko.

Zein da elkartearen gaur egungo egoera? Bazkide kopurua handitu nahian ibili zarete, esate baterako.
Gaur egun, bazkide kopuruari dagokionean, pozik gaude, 500en bueltan gabiltzalako. Dena dela, elkarteko zuzendaritzan bazkide berri gehiagok parte hartzea da hurrengo erronketako bat, garai modernoek aire garbia behar dute eta.

Hori izango da aurrera begirako lan ildo edo erronka nagusia?
Aurrera begira dugun erronka nagusia elkarteko zuzendaritza eta lantaldea indartzea izango da. Hedabideen arloan egindako aurrerapausoek (webgunean, paperezko hilabetekarian eta DKT proiektuan) ez baitute etenik: formatu eta diseinu aldaketa, orrialde kopurua eta edizio sistema aldatzea, Tokikom plataforma bateratua ezartzea, atari digitalean Komunitatea atala sortu
eta martxan jartzea, kudeaketa aurreratuaren prozesuarekin jarraitzea… aurreikusten dugu. Betiere euskalgintza, kulturgintza eta aisialdiaren esparruetan ere lanean jarraituz. Hau guztia gauzatzeko herriaren eta erakundeen babesa eta egonkortasuna behar ditugu, lantaldeko langileen baldintzak duindu ahal izateko.

[Zuhatza Euskara Elkartea, 25 urte hamaika bidelagun albiste nagusira bueltatzeko, sakatu HEMEN]