EH Bilduk eta Debarren Ahotsak aurrekontu akordioa lortu dute

Berriketan 2023ko ots. 16a, 13:34

Akordioa otsailaren 9ko datarekin sinatu zuten, eta horri esker, 2023ko aurrekontua aurrera ateratzeko behar zuen gehiengoa lortu du udal gobernuak.

Abenduan egindako ohiko osoko bilkuran Udal Gobernuak 2023rako aurkeztutako aurrekontu proposamenari ezezkoa eman zion oposizioak, baina negoziatzen aritu ostean, onarpena ahalbidetzeko akordioa erdietsi dute EH Bilduren eta Debarren Ahotsaken udal taldeek. Bi alderdiek otsailaren 9an adostu zuten ituna, eta udal iturriek jakitera emandakoaren arabera, Debako udal gobernuak aurrekontua onartzeko behar zuen gehiengo babesa lortu du. “Udalbatzak gaur (otsailak 16) egingo duen ezohiko osoko bilkuran eztabaidatuko eta onartuko da proposamena”, gaineratu dute.

Oraindik ez dute zehaztu Debarren Ahotsak aurrekontuen bozketan nola jokatuko duen, baina bi alderdiek azpimarratu dute debarren “hobe beharrez” aritzeko eta udal jarduna “errazteko” erakutsi dutela egoera bideratzeko borondatea. Hori horrela, Debarren Ahotsa taldeak egindako lau proposamen onartzeko konpromisoa hartu du EH Bilduk. Honakoak:

  • Pertsonalerako diru sailetik 50.000 euro murriztea. Horretarako, Hirigintza Saileko lantaldea hiru aparejadore egotera mugatuko da 2023ko ekainetik aurrera; gaur egun, 3,5 aparejadore daude. Sail horretako lantaldea, gainera, arkitekto batez eta bi aparejadorez osatua egon behar du 2024ko lehenengo hiruhilekorako.
  • Lursailen erosketarako beste 50.000 euro gehitzea, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) onartzen denean, eta etxebizitza berriak eraikitzeko beharra egonez gero, lehentasuna Osio auzoari ematea.
  • Elizburuko etxebizitza tasatuen zerrenda martxoan argitaratzea.
  • Amillagako espedientea ahal den heinean arintzea eta izapideak azkartzea, orain arteko ibilbide orria jarraituz.

Sinatutako akordioan jasotako baldintza horiek guztiak onartzeko konpromisoaren truke, hortaz, gaurko ezohiko osoko bilkuran aurrekontua proposamenaren onarpena ahalbidetuko du Debarren Ahotsak.