Debako eta Mutrikuko udalek, Debegesarekin elkarlanean, Europar Batasunetik datozen birgaitze jasangarriaren eta energia-eraginkortasunaren arloko laguntza ekonomikoen inguruko informazio saio bat antolatu dute. Antolatzaileek zehaztu dutenez, “zehazki, etxebizitza-eraikinak birgaitzeko jarduketentzako, etxebizitzetan energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduketentzako eta berroneratze eta birgaitze-proiektuak idazteko lehendik dagoen eraikinaren liburua egiteko Next Generation dirulaguntzak” azalduko dituzte.
Hitzordua martxoaren 22an, asteazkenean, izango da, 18:00etan, Agirre jauregiko Ispiluen gelan, eta ez da beharrezkoa izena aurrez ematea. Aurkezpena eraikinen eta etxebizitzen birgaitze energetikoan inplikatuta dauden agente eta profesionalei zuzenduta dago (jabeen erkidegoetako administratzaileak, arkitektoak, eraikuntza-enpresak, eta abar). Dena den, saio irekia izango da, eta eraikinaren edota etxebizitzaren birgaitze energetikoan interesa duten herritarrak ere joan daitezke.
Debegesak, Debabarreneko Birgaitzeko Hirigintza Elkarte eta Eusko Jaurlaritzako erakunde laguntzailea den neurrian, dirulaguntzak kudeatzen ditu. Hortaz, elkarteko kideek azalduko dituzte goian aipatutako laguntza bakoitzaren ezaugarriak eta baldintzak.