ELKARRIZKETA

Gilen Garcia: “Amaitzear den agintaldian hartutako erabakien %80 aho batez onartu dira”

Berriketan 2023ko mai. 24a, 11:00

Gilen Garcia Boyra Debako egungo alkatea izango da berriz ere EH Bilduren zerrendaburua udal hauteskundeetan. Berriketan aldizkariak elkarrizketatu du alkategaia, hilabetekariaren 283. alean.

Bigarren aldiz aurkezten zara alkatetzara. Nola hartu duzu erronka?
Azken lau urteotan lan handia egin dugula esango nuke eta hasi dugun bide horretan sakontzea da gure borondatea. Herriarekin konprometitu nintzen eta oraingo honetan ere konpromiso hori berresten dut: udalgintzatik herrigintza egiten jarraitzea.

Nola baloratzen dituzu azken lau urteak? Zertan asmatu da eta zertan ez?
Alkatetza hartu genuenean mahai gainean zeuden gai korapilatsuak kudeatzea egokitu zitzaigun: hilerriko espedientea epaitegian, Itziarko Auzo Udalaren modifikazioa, zubia, udal barneko dinamika… Gai horiei erantzuna ematen joan gara, agian ez nahi bezain azkar, baina emandako pausoak sendoak izan dira. Ez dira proiektuak soilik kontuan hartu behar, haiek bideratzeko moduan ere jarri dugu indarra, erabakiak ahalik eta kontsentsu zabalenarekin hartuz eta horrek emaitza onak eman ditu. Agintaldi berezia izan da eta herritar zein eragileekin aurrez aurre egoteko aukerarik ez dugu izan pandemiarengatik. Barruan daramadan arantza bat da hori.

Zeintzuk dira uneotan arazo nagusiak herrian?
Arazoak baino gehiago erronkak ditugula esango nuke. Hauek zerrendatuko nituzke bat-batean: etxebizitza, zaintza eredua, tokiko garapen orekatua, kulturgune finko baten beharra, ondarearen eta turismoaren arteko oreka lortzea, trantsizio energetikoan pausoak ematea…

Zein alorretan jarriko ditu indarrak zure taldeak agintaldi berrian?
Etxebizitzaren alorrean, adibidez, Etxebizitza Plana izango dugu ardatz, kontuan izanik zein den marko orokorra (etxebizitzen prezioak, kostako herrien presio gehigarria, espekulazioa…) eta gure errealitate zehatza, gure herrian bizitzeko aukerak bermatzea izango da erronka. Zaintzaren alorrean, ekosistema ikuspegia oinarri, gaztetxoenentzako heziketarako zein aisialdirako guneak sortzea da helburua, baita nagusienen lasaitasuna bermatuko duen zaintza eredua marraztea ere, aldundiarekin elkarlanean. Bestalde, tokiko garapen orekatu eta iraunkorraren bidean, Itziarko Enpresa Parkearen potentzialitatea baliatzea izango da lan lerroetako bat, eta horretarako lankidetza mahaiari jarraipena eman nahi diogu. Lehen sektoreari bultzada emateko, berriz, elikadura politiketan ezagutza handiagoa duen administrazioa izatea sustatuko dugu, erabaki estrategikoak hartzeko asmoz, betiere Auzo Udalarekin eta Agroekologia Sarearekin elkarlanean. Bestelako asmo batzuen artean, kulturgunearen behin betiko kokapena, trantsizio energetikoa, turismo orekatua eta elkarzaintzarako gune balioaniztuna garatzea ere nabarmenduko nituzke.

100 udal baino gehiago ditu egun UEMAk; Deba da horietako bat. Euskararen erabileraren datuak apalduz doaz, ordea. Zer nolako hizkuntza politika landuko duzue?
Azken urteotan arlo honetan egindako lana nabarmena izan da udalean: euskara lehenetsi dugu lanerako eta harremanetarako hizkuntza gisa. UEMAren baitan subjektu aktiboa izan gara eta horren adibide ere bada abenduko batzarra Deban ospatu izana. Ildo beretik jarraitu nahiko genuke aurrerantzean, herritarrak inplikatuz eta eragileekin elkarlanean, denongan baitago giltza.

Gobernatzeko beste alderdiekin akordioak egiteko prest zaudete?
Noski, ikusi besterik ez dago nola egin dugun lan orain artean, amaitzear den agintaldian hartutako erabakien %80 aho batez onartu dira. Akordioak erdiesten lan egin behar dela pentsatzen dugu.

Zergatik eman beharko litzaioke botoa zure alderdiari?
Guztion artean lortu nahi ditugulako aurreko galdera-erantzunetan aipatutako asmoak eta erronkak. Azken urteotan ekindako bideari jarraipena eman nahi diogulako etorkizunean, hori guztia egin dezakeen taldea daukagulako EH Bildun, eta denok merezi dugun udalerria elkarrekin eraikitzeko bitartekoa garelako.

EH Bildu • Udal hauteskundeetako hautagaien zerrenda:

  1. Gilen Garcia
  2. Itziar Irizar
  3. Antxoka Elorza
  4. Oihana Irusta
  5. Aritz Larrañaga
  6. Edurne Aristi
  7. Jon Ander Urain
  8. Mari Seara
  9. Sabas Bedialauneta
  10. Miren Gurutz Peña
  11. Roke Arantzamendi
  12. Mila Aranguren
  13. Antxon Etxeberria
  14. Itziar Larramendi
  15. Egoitz Alberdi
  16. Mª Jesus Carrillo