Lehen aldiz aurkezten zara alkatetzara. Nola hartu duzu erronka?
Lehenik eta behin, eskerrak eman aldizkariari, nire iritziak adierazteko aukera emateagatik. Argitu nahi nuke nirea ez dela erabaki indibiduala izan, debar talde baten erabaki kolektiboa baizik, eta ekimen berri honi nik jarri diot aurpegia, protagonismo handiena hartuz jendearen aurrean. Pertsonalki, erronka izugarria da niretzat. Batzuetan, bihotzetik hartzen dira erronkak. Gure artean beharrezkoa ikusten genuen aurrerapauso bat ematea; norbaitek hartu behar zuen erantzukizuna eta kasu honetan nik hartu dut, egin behar nuela sentitzen nuelako.
Nola baloratzen dituzu azken lau uteak? Zertan asmatu da eta zertan ez?
Udal kudeaketaren azken urteotako bilakaera jarraitu dugu eta desengainu handia hartu dugu. Udal kudeaketa, eduki berrien ikuspuntutik, hutsa iruditu zaigu; egiten ari zena aurreko agintalditik zetorren, ekimen berri gutxi zegoen, eta ez zen egiten arlo garrantzitsuenetako batean ere. Gazte talde bat zen eta zerbait berria ekarriko zutela uste genuen, baina ez da gertatu. Berehala geratu ziren oso mugatuta eta berezko ekimenik gabe. Gauza asko egin dituzte, horietako asko eguneroko kudeaketakoak edota galeriarentzat eginak, baina ez funtsezkoak. Herriarentzako estrukturalak eta ezinbestekoak direnak ez dira ukitu. Oraindik kaxoietan daude.
Zeintzuk dira uneotan arazo nagusiak herrian?
Herriko kudeaketak ez du arazorik sortzen. Berez, badaude erronkak, aspaldikoak, zerrenda luze bat dago, eta horiei aukerak eta irtenbide egokiak topatu behar zaizkie. Hor dago koska, kontua da behingoz mahai gainean ipintzeko gogoa izatea.
Zein alorretan jarriko ditu indarrak zure taldeak agintaldi berrian?
Herrialdea bere osotasunean ikusi behar da. Debak arlo ezberdinak ditu eta bakoitzak bere garapen propioa jarraitu behar du, ondo aztertuta. Noski, hiri-garapena oso garrantzitsua da, etxebizitza berriak eraikitzea (ia prest daude proiektu batzuk), adinekoei arreta emateko azpiegitura egokiak izatea, zumardiko gunea ondo aztertu behar da, kanposantuarena non geratu den… Gazteei entzutea eta kasu egitea ere garrantzitsua da.
100 udal baino gehiago ditu egun UEMAk; Deba da horietako bat. Euskararen erabileraren datuak apalduz doaz, ordea. Zer nolako hizkuntza politika landuko duzue?
Ez dakit datu horiek nondik datozen, baina badakit Debako euskararen erabileraren bilakaerak hobera egin duela azken hamarkadetan. Onerako izan da. Herriko laguntza publiko guztiekin euskara ikasteko, hitz egiteko eta bizitzeko aukerak badaude, arlo publikoan eta pribatuan. Gure gizartea arlo horretan oso heldua da. Gure asmoa euskararen aldeko ekimenak bultzatzea izango da.
Gobernatzeko beste alderdiekin akordioak egiteko prest zaudete?
Gurea ez da alderdi politiko arrunt baten hautagaitza, herritar plataforma politikoa baizik, udal hauteskundeetan bakarrik aurkezten gara; beraz, anitzak gara eta jatorri politiko ezberdinekoak. Gure arteko puntu amankomuna oso argi dio gure izenak: Orain Deba, besterik ez. Eta noski baietz. Negoziatutako akordioak programa idatzi eta publiko batean izan behar dira. Debako udalerria eta herria guztion proiektua da; eragile politiko eta sozial guztien erantzukizuna da, baita hemen bizi diren herritar guztiena ere. Guztiok norabide berean arraun egitea espero dugu. Guk garbi dugu, Deba denon artean eraikiko dugu, baina guztiontzat izan behar da.
Zergatik eman beharko litzaioke botoa zure alderdiari?
Hautagaitza berria da, apaltasunez eta ilusioz aurkezten gara. Lanerako prest gaude udal kudeaketan. Gainerako eragile politikoak eta alderdiak udal gobernuan izan dira beti eta dagoeneko erakutsi digute zer izan diren eta zer gauzatu duten herrian azken urteotan. Aukerak eta denbora sobera izan dituzte eta lortutakoa begi-bistan da. Orain, beste eragile berri batzuek aukera izateko garaia da. Orain, zalantzarik gabe, beharrezkoa da Orain Deba.
Orain Deba • Udal hauteskundeetako hautagaien zerrenda:
- Isidro Aristi
- Marivi Eizaguirre
- Ignacio Javier Aznal
- Ana Jesús González
- Enrique García
- Pilar Rincón
- Enrique Jorge Salgado
- Corinne Bruguera
- Ignacio Egaña
- Nerea Alvarez
- Antonio Garrido
- Ana Zubicaray
- Cesar Del Olmo
- Amparo García