Lehen aldiz aurkezten zara alkatetzara. Nola hartu duzu erronka?
Gogo handiz hartu nuen erabakia. Nahiz eta erantzukizun handia izan, motibatuta nago. Ilusio handia daukat debarrentzat lanean hasteko. Herria hobetzeko lan egin nahi dut, bultzada bat emateko eta “aukeren trenera” igotzeko. Gainera, talde oso ona eta prestatua dut atzean, baita Gipuzkoako sozialisten babesa ere.
Nola baloratzen dituzu azken lau urteak? Zertan asmatu da eta zertan ez?
Badakigu pandemiak zailtasun asko ekarri dituela eta lehen bi urteetan gure bizimodua guztiz aldatu zuela. Udalak ondo egin zuen herriko denda eta tabernei dirulaguntzak ematen, baina anbizio gutxi eduki du udal gobernuak. Bestalde, aipagarria iruditzen zait nire alderdikideek Gipuzkoako Aldunditik Debako zubia konpontzeko egin duten lana.
Zeintzuk dira uneotan arazo nagusiak herrian?
Egiturazko arazo bat dugu, belaunaldi guztiei eragiten diena. Ez da normala Debak gazteen alde ez egitea. Ez dago aisialdirako alternatibarik txikienentzat, eta gazteentzat ez dago etxebizitza eskaintza handirik. Ez dugu igerileku klimatizaturik. Bidegorririk ere ez daukagu. Adinekoek ere ez dute behar handiena dutenak zaintzeko moduko egoitzarik. Segurtasun handiagoa ere behar dugu, ez da normala establezimendu jakin batzuetan hainbat aldiz lapurretak egin izana. Oro har, udal gobernuak abandonatutako Deba ikusten dut.
Zein alorretan jarriko ditu indarrak zure taldeak agintaldi berrian?
Gastu sozialeko inbertsioa handituko dugu, zerbitzuak eta ongizatea hobetzeko. Bestalde, Deba gainerako erakundeen lehentasunen erdigunean jartzeko lan egingo dut; zaharren egoitza eraikiz, edo bidegorri baten eta igerileku klimatizatuen alde eginez, adibidez. Gainera, gazteei etxebizitzarako sarbidea erraztu edo merkataritza eta ostalaritzarako kanpaina gehiago sustatuko ditugu. Haurrak dituzten familiek Deban erosi ahal izateko laguntza ezartzen saiatuko gara. Laburbilduz, gure proiektua Debara bideratuta dago.
100 udal baino gehiago ditu egun UEMAk; Deba da horietako bat. Euskararen erabileraren datuak apalduz doaz, ordea. Zer nolako hizkuntza politika landuko duzue?
Gure hizkuntzarekin arazo bat daukagu: euskarak ez du historia osoan egun bezalako estatus ofizialik izan, ez hezkuntzan, ez enpresetan eta are gutxiago administrazioetan. Ezagutza duela 20 urte baino handiagoa da. Eta erabilera? Herri askotan eta jendearen artean euskara ez da gaur bezain ahul egon… Ezagun batek dioen bezala, erabilera ezinbestekoa da, ofizialtasuna baino garrantzitsuagoa. Harro nago sozialistak euskararen arloan erreferente garelako. Lasarte-Oriak jarri zuen abian Euskaraldia, eta bertan sortu zen Belarriprest eta Ahobizi ekimena; alkate sozialista da ekimen horien bultzatzailea. Udaletako euskara zerbitzuen Udaltop jardunaldien sustatzailea Lasarte-Oria izan da eta sozialisten proiektua da. Euskarak garrantzi handia izango du gure programan. Gainera, Deban aukera handiak ditugu hizkuntza dinamizatzeko.
Gobernatzeko beste alderdiekin akordioak egiteko prest zaudete?
Argi dago akordioetara iritsi beharko garela edo bestela paralisi egoera baten aurrean egongo gara, eta debarrak aterako dira galtzen. Hori ikusi dugu EH Bilduren gobernuarekin. PSE-EE debarren bizi-kalitatea hobetzen duten akordioetan egongo da. Gure akordioen ardatza beti izango dira herritarrak, giltzarritzat ditugu.
Zergatik eman beharko litzaioke botoa zure alderdiari?
PSE-EEk udal mailan egindako lana denek ezagutzen dute. Eskoletan matrikulatutako umeentzako 60 euroko dirulaguntza inplementatu dugu herri ugaritan. Eibar gastu sozialean diru gehien inbertitzen duen hirietako bat da eta Ermuan udal zuntz optikoa dugu. Gure adinekoen ongizatearen alde lan egiten dugu, adinekoentzako zentroak eraikiz, mugikortasun ekonomikoa erraztuz eta gazteei etorkizuna emateko lanean dihardugu. Guztiontzat gobernatzea da gure helburua. PSE-EE dagoen lekuetan inbertsioa, proiektuak, lana eta seriotasuna aurkitzen ditugu.
PSE-EE • Udal hauteskundeetako hautagaien zerrenda:
1. Iñaki Azkue Gonzalez
2. Nerea Azpiazu Martinez
3. Juan Miguel Gomez Ramos
4. Elisabeth Muniozguren Orbegozo
5. Jaime Diez Estevez
6. Maria Elena Reclusa Ruiz De Loizaga
7. Eneko Areias Estevez
8. Ana Maria Gonzalez Martinez
9. Jose Manuel Martin Martinez
10. Encarnacion Madrid Huertas
11. Jose Panizo Rodriguez
12. Maria Amparo Martinez Triguero
13. Manuel Huertas Vicente