Elkarrekin Podemos, Ezker Anitza-IU, Berdeak Equo, Alianza Verde koalizioak “harremanak hautsi” ditu Orain Debarekin. “Orain Debak hartutako erabakia aldaketaren aldeko gobernu aurrerakoi eta ezkertiar baten aldeko apustuaren aurka doa, eta, horregatik, koalizioak ez du bere gain hartzen herritarren plataformaren erabakia, eta joan den maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako ezarritako loturak hautsi egin ditu”, nabarmendu du gaur, ekainak 14, hedabideetara igorritako prentsa oharrean.
Ordu edo egun gutxi batzuk lehenago jakin zen, beste komunikabide batzuen bitartez, Orain Debak alderdi jeltzalearekin akordioa egin duela gobernua osatzeko eta EH Bilduri alkatetza kentzeko; alegia, Alazne Txurruka jeltzalea babestuko duela alkate izateko.
Elkarrekin Podemosek “akats larritzat” jo du Orain Debaren jarrera. Bere iritziz, “gure koalizioak ezarritako helburua, askotan esan duen bezala, aldaketaren aldeko gobernuak erraztea da, ezker eraldatzaile eta ekologista den aldetik, eta helburu hori ez da inolaz ere euskal eremu kontserbadoreari euskal instituzioetarako sarrera ahalbidetzea”.
Maiatzeko udal hauteskundeetan, EH Bildu izan zen berriz ere lehen indarra Deban, baina ez du gehiengo absolutua lortu; sei zinegotzi eskuratu zituen, EAJ-PNVk bezainbeste (baina 102 boto gehiago lortuta), eta Orain Debak ordezkari bat, lehenbizikoz. Hortaz, ikusteko zegoen alkatetza zein indar politikok eskuratuko zuen, baina hasieratik jakina zen erabakigarria izango zela Orain Debaren erabakia.
Larunbatean, ekainaren 17an, eratuko dira udalak, baina jadanik badirudi erabakita dagoela nola osatuko den Debako udal gobernua eta Elkarrekin Podemosek “akats larritzat” jo du Orain Debaren jarrera. Bere iritziz, “gure koalizioak ezarritako helburua, askotan esan duen bezala, aldaketaren aldeko gobernuak erraztea da, ezker eraldatzaile eta ekologista den aldetik, eta helburu hori ez da inolaz ere euskal eremu kontserbadoreari euskal instituzioetarako sarrera ahalbidetzea”.
Argi utzi nahi izan du Orain Debak hartutako erabakiak ez duela koalizioa osatzen duten alderdien babesik izan, “eta erabaki hori akats larria dela uste dugu, izan ere, euskal eskuinarekin itunak egiteak ez baitakar politika aurrerakoietan aurrera egitea, ez Deban, ez beste inongo udalerritan”.
Hori hala, koalizioak jakinarazi du “egokitzat jotzen dituen neurriak” hartuko dituela erabaki hori hartu dutenei begira, hain zuzen ere, “hartutako erabakia gobernu aurrerakoiak eta ezkerrekoak bultzatzeko apustu garbiaren aurka doalako, hori baita murrizketen politika neoliberalari amaiera emateko eta herritar guztien eskubideetan aurrera egitea bermatzeko modu bakarra”.