Maiatzeko hauteskundeetan PSOEk lortutako emaitza eskasen ostean iragarri zuen Espainiako presidente Pedro Sanchezek hauteskunde orokorrak uztailaren 23ra aurreratuko dituela. Udal eta foru hauteskundeen biharamunean bertan egin zuen deialdia.
Espainiako hiri eta erkidego nagusiak galdu ditu PSOEk, Alderdi Popularraren mesedetan. Eta bere alderdiak lortutako emaitza txarrak bere gain hartu ditu Sanchezek, bozak aurreratzeko erabakia hauteskundeen emaitzak ikusita hartu duela aitortuz. “Gobernuko presidente eta PSOEko idazkari nagusi gisa, nire gain hartzen ditut emaitzok. Orain, Espainiako herritarrek argitu beharko dute zer politika mota egitea nahi duten, eta zer indarrek bultzatu behar dituen politika horiek. Onena da herritarrek hitza hartzea herrialde honen norabidea erabakitzeko”.
Horiek hala, berriz ere botoa ematera deituta daude herritarrak uztailaren 23an. Espainiako Gorteetarako hauteskundeak 2019ko azaroan egin ziren azkenekoz.
Kongresurako eta Senaturako hautagaitza berriak ekainaren 27an aldarrikatu ondoren, hauteskunde kanpaina uztailaren 7an hasi eta hilaren 21ean bukatuko da. Estatuan bizi direnek uztailaren 13ra arteko epea izango dute posta bidezko botoa eskatzeko.