Eibar eta Zumaia arteko trenen maiztasuna handitzeko eskatzeko sinadura bilketak “harrera oso ona” izan duela jakitera eman du Euskotrenen zerbitzua hobetzeko helburuarekin antolatzen hasitako erabiltzaile talde batek sortutako plataformak. 2022 urtearen bukaeran hasi zuten kanpaina, eta orduz geroztik, Deban, Mutrikun, Mendaron, Altzolan, Elgoibarren, Eibarren, Zumaian eta Arroa Behean aritu dira sinadura batzen; plataformak berak emandako datuen arabera, guztira, 5.676 atxikimendu lortu dituzte.
Arazoari irtenbideak bilatzeko asmoz, eta kanpainak izan duen “arrakasta” ikusita, gaian eskumena duten erakundeetan jarri dute orain begirada. “Uste dugu gure herria gobernatzen duten administrazioek ezinbestean jarri behar dituztela hainbeste kezkatzen gaituen ingurumena zaintzeko baliabideak, garraio publikoa indartuz, isurketak murriztuz eta herritarron ongizatea hobetuz, besteak beste”.
Eskariaren bultzatzaileek azaldu dutenez, Debabarreneko, Zumaiako eta Zestoako alkateek euren kanpaina babestu dute, eta horri esker, Eusko Jaurlaritzaren Garraio Sailera helarazi zuten eskaera. Zehaztu dutenez, Zumaia eta Eibar arteko zatian astegunetan zerbitzua hobetzeko eskaera ekainaren 2an egin zioten erakundeari.
Ekainaren 15ean jaso zuten Garraio Sailaren erantzuna, Euskotren “jakinaren gainean egon dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan” eskaera Euskotreni helarazi ziotela esanez. “Beraz, nahiz eta tren zerbitzuaren eskumena Eusko Jaurlaritzarena izan, Euskotreni helarazi diote eskaera”, gaineratu dute. Hori horrela, eta beste urrats bat eman nahian, plataformak zuzenean egin dio Euskotreni eskaera. Ekainaren 19an egin zuten eskaera, “lehen eskutik beraien erantzuna” jasoko dutelakoan.