Sinadura bilketa hasi du herritar talde batek, trenen maiztasuna handitzeko eskatzeko

Berriketan 2022ko aza. 25a, 19:02
Zumaia eta Eibar arteko lineen maiztasuna handitzeko eskatu du Euskotrenen zerbitzua hobetzeko helburuarekin antolatzen hasi den erabiltzaile talde batek. Astegunetan zerbitzua ordu erditik behin ematea eskatu dute.

Taldeak, zehazki, Zumaia eta Eibar artean igarotzen diren trenen maiztasuna astegunetan ordu erdiro bermatuta izatea eskatu du, Eibar-Bilbo eta Zumaia-Donostia artean gertatzen den modura. Zerbitzuaren hobekuntza, gutxienez, puntako orduetan ezartzea eskatu du. Hau da, 07:00etatik 09:00etara, 13:00etatik 16:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.

Ohartarazi dutenez, gaur egun, ordubetean behin tren bakarra igarotzen da linea horren bi noranzkoetan. “Donostia-Bilbo ibilbide osoan, Mendaro, Deba eta Arroa bakarrik geratzen dira ordu erdiroko zerbitzu hori gabe. Eibar eta Matiko (Bilbo) artean trena ordu erdiro dago (eta Elgoibartik hasita, egunaren zati handi batean), baita Zumaia eta Donostia artean ere”.

Trenen maiztasuna handituz gero, zerbitzua askoz ere jende gehiagok erabiliko lukeela uste dute sinadura bilketaren bultzatzaileek. “Izugarria da trenez dabilen jende kopurua, are gehiago orain, txartelaren prezioa jaitsi denetik eta erregaien prezioa hainbeste garestitu denetik”. Are gehiago, maiztasuna handitzeak garraio publikoaren erabilerari ere sekulako bultzada emango liokeela ere uste dute. “Lan eta eskola ordutegiak askotan ez datoz bat trenaren ordutegiarekin, eta ordubete zain egon beharrak, autoa hartzera bultzatzen du jendea”.

Herriko honako saltokietan utzi dituzte sinadurak batzeko inprimakiak: Arkatza eta Masillo liburu dendetan, Albizu harategian, Galtxa okindegian eta Sukia fruta dendan.

Tren zerbitzuaz gain, autobus zerbitzua ere erabilgarri dagoela jakitun dira, baina autobusen ordutegiak trenaren ia berdintsuak direla azpimarratu dute. “Debatik Eibar aldera doan Mallabia-Ondarroa linean autobusak orduro daude, baina trenaren ia ordutegi bera dute. Zumaia aldera doan Ondarroa-Zumaian linean, aldiz, zerbitzua bi eta hiru ordutik behin baino ez dago, eta trenaren ordutegiarekin bat dator”.

Arrazoi horiek guztiak kontuan hartuta, sinadurak biltzeko kanpaina hasi zuten astelehenean (azaroak 21); hurrengo asteetan sinadurak batzen ariko dira. Herriko honako saltokietan utzi dituzte inprimakiak: Arkatza eta Masillo liburu dendetan, Albizu harategian, Galtxa okindegian eta Sukia fruta dendan. Sinadurak batzeko mahaiak ere ipiniko dituzte ostiralean (azaroak 25) eta larunbatean (azaroak 26): ostiralean, Foruen Plazan egongo dira, 19:30etik 21:00etara, eta, larunbatean, Plaza Zaharrean, 12:30etik 14:30era.

Eskariaren bultzatzaileek azpimarratu dutenez, eskakizuna ez dute soilik Debako bizilagunentzako egin, baizik eta bailarako bizilagun guztientzako. Sinadura bilketa egunerokotasunean duten arazoari “erantzun kolektibo bat” emateko asmoarekin hasi dutela esan dute. “Arazo hau ez dugu uste gurea bakarrik denik, bailarako herritar askorena ere badela uste dugu”. Hori horrela, kanpaina inguruko herrietara zabaldu, eta aurrerago herri horietako udal ordezkariekin batzeko asmoa agertu dute, “haien babesarekin eskaera Euskotreni luzatu ahal izateko”.