Gure Giro programazioa azken txanpan sartuta dagoen honetan, bi rock kontzertu izango dira aukeran etzi, uztailaren 29an. Emanaldiak Kultur Elkartean izango dira eta, eguraldi txarra eginez gero, hitzordua Gaztetxean egingo dela ohartarazi dute antolatzaileek.
2017an, lagun artean eta modu espontaneoan sortutako Debako musika taldea da Dawanada, Euge Garcia, Izukaitz Arizmendiarreta eta Oier Kondek osatua. Zuzenekoa eskaini zuten iaz Gure Giroren egitarauaren baitan, eta agertoki berean jardungo dute aurten ere; etxean eta etxekoen aurrean jarduteko gogotsu dago taldea.
Berriketan aldizkariari eskainitako elkarrizketan Kondek laburbildu bezala, “rock instrumentala egiten duen hirukotea gara eta hasiera-hasieratik garrantzi handia eman diogu abestien sorkuntzari”. “Gure errepertorioa guk geuk sortutako abestiz osatuta dago eta kanta bakoitzari gure ikutu pertsonal berezia ematen saiatzen gara”, erantsi zuen.
Dawanada power trio debarraren babesean, bestalde, Hecetu Welo-ko taldekideek ere azken hilabeteetan “etxean eta lokalean” landu dituzten kantak jendaurrean aurkezteko aukera izango dute. Pablo Berrizbeitia taldeko abeslari debarraren esanetan, “gauzak ondo irtetzea” eta, batez ere, “zuzenekoaz gozatzea” da lehen kontzertu honi eskatzen diotena. Era berean, aurrerantzean ere zuzenekoak ematen jarraitzeko asmoa dute.
Boskotea da Hecetu Welo, eta honako hauek osatzen dute: Borja Amorin baxuan (Azkoitia), Aitor Etxagibel baterian (Arrasate), Ignacio Polo-Palau teklatuan (Lezo), Iker Zubizarreta gitarran (Beasain) eta Pablo Berrizbeitia bera ahotsa jarriz eta gitarran.
Grunge rocka ardatz hartuta, kanta propioz osaturiko errepertorio anitza eskainiko dute lehen zuzeneko honetan. Hala ere, estilo bakarrera mugatu gabe, “beste rock estilo batzuetara; bluesera edo stonerrera” hurbiltzen den taldea direla diote; ukitu “progresibo eta metaleroa” izan dezaketen zenbait abesti ere badituztela azaldu dute.