Dawanada rock taldeak kontzertua eskainiko du igandean Kultur Elkartean

Berriketan 2022ko uzt. 15a, 08:00
Gure Giro programazioaren baitan antolatutako rock kontzertua izango da igande honetan Kultur Elkarteko plazan, eguerdiko 13:00ean. Debako taldearen ibilbidea gertutik ezagutu nahian, Oier Konde musikariarekin batu gara.

Ezagutzen ez zaituztenentzat, nola aurkeztuko luke Dawanada taldeak bere burua?
2017an, lagunartean eta modu espontaneoan sortutako musika taldea da Dawanada, Euge Garcia, Izukaitz Arizmendiarreta eta hirurok osatua. Rock instrumentala egiten duen hirukotea gara eta hasiera-hasieratik garrantzi handia eman diogu abestien sorkuntzari. Gure errepertorioa guk geuk sortutako abestiz osatuta dago eta kanta bakoitzari gure ikutu pertsonal berezia ematen saiatzen gara.


Zer nolako emanaldia eskainiko duzue etzi Gure Giron?
Oso gogotsu gaude gure herrian, lagunartean, gure abestiak aurkezteko. Kontzertua Kultur Elkarteko plazan izango da, eta garagardo fresko baten konpainian rock musika gustuko duen edonori emanaldira bertaratzeko gonbidapena luzatzen diogu.