Zentzu horretan, Debako EH Bildu “etxeko lanak eginda” heldu dela adierazi du Gilen Garcia bozeramaileak. Garciaren esanetan, Elkarrekin Orain Deba eta EAJren arteko akordioak “agertoki berri bat” irudikatzen zuen duela hiru hilabete, nahiz eta zerrenda bozkatuena EH Bildurena izan. Udalbatza eratzean, “arduraz jokatzeko” konpromisoa adierazi zuen EH Bilduren zerrendaburuak, eta egokitu zaien posizio berritik ere “orain arteko ilusio eta indar berberarekin lanean” jarraituko dutela dio.
Ildo horretatik, “oposizioa” egin beharrean, “posizio berrian” mantenduko direla azpimarratu du. “EH Bilduk oposizio hitza beharrean posizio berri kontzeptua hobetsi zuen lehendabiziko osoko bilkura hartan, eta lan filosofia horrekin jarraitzeko hautuan berresten da, jarrera kritiko eta eraikitzailea sustatuz”.
“EH Bilduk penaz bizi du gurekin kontatu ez izana eredu berria ezartzerakoan. Erabakien berri eman zaigu, besterik gabe, eta lan eredu berrian eragiteko gaitasuna mugatu zaigu”.
Udal gobernuaren funtzionamenduari dagokionez, “arduratuta” agertu da EH Bildu. “Hauteskundeak eta gobernu berriaren izendapena uda hasieran izan ziren, baina irailera arte ez da martxan jarri udal gobernua”. Dioenez, udal antolaketa berria izan da erronka nagusiena, baina erabakiak hartzerako orduan “ez dutela kontuan hartu” salatu du. “EH Bilduk penaz bizi du gurekin kontatu ez izana eredu berria ezartzerakoan. Erabakien berri eman zaigu, besterik gabe, eta lan eredu berrian eragiteko gaitasuna mugatu zaigu”.
Irailaren 28an egin zen ohiko osoko bilkuran, esaterako, udal gobernuaren antolaketaren alorrean irizpideak zeintzuk izango diren argitzeko eskatu zuen koalizio abertzaleak; izan ere, antolaketa ereduan bere horretan baino, “berau ulertzeko eran” sumatzen dute gabezia. Garciaren iritziz, “partaidetza eta koerabakitzeko guneak” ahalbidetu beharko lirateke, gobernuz kanpoko indar politikoek, eragileek eta herritarrek “informatu, eztabaidatu eta erabakitzeko gaitasuna” eduki dezaten. “Hori horrela izan dadin lanean jarraituko dugu, daukagun arduragatik eta herriak aurrera egiten jarraitu behar duelako”.
Zentzu horretan, aurreko asteko osoko bilkurako gairik garrantzitsuena ordenantza fiskalen aztergaia izan zela nabarmendu dute. EH Bilduren bozeramaileak jakitera eman duenez, “azken unean” jakin zuten zabor bilketaren atalean %11ko igoera proposatuko zela. Gaiari buruzko azalpen teknikoak “oso urriak” izanik, erabakia atzeratzea edo igoera bi urtetan banatzea proposatu zuten, baina udal gobernuak ez zuen koalizioak egindako proposamenik onartu. Hortaz, abstentziora jo zuten, “erabakia ez oztopatzeko asmoz”.