Txindurri Iturri baserriaren ekoizpen eredu ekologikoa ezagutzeko bisita antolatu dute

Berriketan 2023ko abe. 1a, 09:25

Igandean (abenduak 3) izango da jardunaldia, goiz osokoa, eta izena aurrez eman behar da. Abenduaren 5ean ospatzen den Lurzoruaren Nazioarteko Egunaren harira antolatu da bisita.

Lurzoruaren babesa denon ardura da eta, zaintza hori behar bezala egiteko, baliabide horren balioa ezagutzea da lehen urratsa. Eta hori da abenduaren 3an Txindurri Iturrin egin nahi duguna”, azaldu dute ekimenaren antolatzaileek. Biolur elkartearen laguntzaz egingo da bisita, bertako bizilagunen eta Errez kooperatibako adituen eskutik, eta partaideek nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategi horren sagardo ekologikoa egiteko eta baso-artzaintza maneiatzeko modu ekologikoak ezagutzeko aukera izango dute. Bide batez, lehen sektoreko egungo paradigmaz eta etorkizunerako erronkez hausnartzeko parada ere izango da ekimenean.

Goiza biribiltze aldera, gainera, aurreratu dute Biolur elkartea ezagutzeko eta Osoa cookingeko Anne Otegik garaiko produktu ekologikoekin prestatutako dastaketaz gozatzeko aukera ere izango dela.

Antolatzaileek adierazi bezala, goiz osoko jarduera izango da (10:00etatik 14:00etara), euskaraz egingo da, eta “familia osoak tarte polit bat pasatzeko pentsatuta” dago. Hori bai, plaza mugatuak izanik, izena eman behar da, nahitaez, labur.eus/lurzorua2023 helbidean edota Debako turismo bulegora deituta (943 19 24 52).