“Giltza. Sarraila. Zuloa. Atea. Zabaldu – Zarratu”. Honela hasten da jendarte zabalaren atxikimendua lortu asmoz Sarek urrian kaleratutako Konponbiderako giltzak deituriko manifestua eta ondoren agertzen diren esaldiekin amaitzen da idatzia: “… Esandako guztiagatik, adierazi nahi dugu prest gaudela konponbiderako, elkarbizitzarako, biktima guztien minen errespeturako eta presoen etxerako biderako ateak irekiko dituzten giltzak gure eskuetan hartzeko, lege arruntak dioen bidetik, hamarkadetan zehar aplikatzen ari zaizkien salbuespenak betiko baztertuz. Ahaleginak egingo ditugu ate hauek lehenbailehen ireki daitezen eta, horrela, herri hau osatzen dugunok elkarbizitza oinarri izango duen etorkizun bat eraiki dezagun”.
Bat egin ezazu zuk ere aipatutako manifestuarekin, ondorengo atarian: giltzak.sare.eus.
Debako Udalak ere aho batez onartu zuen, azaroaren 29ko osoko bilkuran, Sarek aurkeztutako mozioaren lehen puntua. Bertan, atxikimendua adierazi zion elkarbizitzaren baitan aurrera egin ahal izateko manifestuari.
Bestalde, giza eskubideen defentsan, urteroko deialdiei eutsiz, ondoko hitzordu hauetan parte hartzera, giltza hartzera, gonbidatzen zaitugu: abenduaren 23an, 12:00etan, manifestazioa Martuteneko espetxetik; hilaren 24an, 19:30ean, Kantu Giltza Debako Foruen Plazan, abenduaren 29an (azken ostirala), 19:30ean, mobilizazioa Foruen Plazan; urtarrilaren 13an, 17:00etan, manifestazioa Bilbon, La Casillatik (autobuserako izen-ematea Arkatza liburu-dendan).
Izan zaitez Giltza.