Zabalik dago udaleku irekietan izena emateko epea

Berriketan 2023ko mai. 10a, 12:54

Eskaintza HH5etik LH6ra bitarteko haurrei dago zuzenduta. Ostirala (maiatzak 12) da izena emateko azken eguna.

Debako Udalak eta Hezten aisialdi euskaltzale taldeak HH5etik LH6ra bitarteko haurrei zuzendutako udaleku irekiak antolatu dituzte udarako. Eskaintza bi txandatan burutuko dutela jakitera eman dute: ekainaren 26tik uztailaren 7ra, HH5, LH1 eta LH2 mailetako haurren txanda izango da eta uztailaren 10etik 21era, berriz, LH3tik 6ra bitartekoena. Zehaztu dutenez, txanda bateko zein besteko taldeek ordu berean jardungo dute; hau da, 09:30etik 13:00etara.

Antolakuntzatik azpimarratu dutenez, udaleku irekien helburu nagusia da herriko haurrei aisialdiaz “modu aktibo, parte hartzaile, sortzaile, gizarteratzaile eta osasungarrian” gozatzeko aukera ematea. Gogorarazi dutenez, asteon amaitzen da izena emateko epea; ostiralean (maiatzak 12), hain zuzen. Izen emate orriak udal liburutegian daude eskuragarri, baina nahiago dutenek Internet bidez ere bideratu ditzakete eskaerak.

Ordaindu beharreko kuotei dagokienez, ondorengo prezioak zehaztu dituzte: 50 euro ordaindu beharko dira haur bakoitzeko, baina familia ugariek 5 euroko deskontua izango dute; hala, 45 euro ordaindu beharko dituzte haur bakoitzeko. Iragarri dutenez, plaza kopuru mugatua egongo da. Zehaztu dute kopuru hori gaindituz gero, zozketa bidez erabakiko dutela nortzuk parte hartuko duten. Hori bai, lehentasuna Deba eta Itziarren eskolatutako haurrek izango dutela nabarmendu dute.

Egitasmoari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, 943 27 00 33 edo 672 16 48 73 telefono zenbakietara deitu edo debaui@hezten.eus posta elektronikora idatzi daiteke.