Umorezko bakarrizketa batekin agurtuko du urtea KulturEkin programazioak

Berriketan 2022ko abe. 20a, 11:44

Mujer vasca soltera busca… ikuskizunarekin emango diote amaiera aurtengo egitarauari, abenduaren 28an. Egitasmoak jarraipena izango du, dena den, 2023an; datozen hilabeteetara begira aurreikusitako lehenbiziko bi kultur jarduerak ere iragarri dituzte.

Alazne Etxeberria aktore donostiarrak Mujer vasca soltera busca… umorezko saioa dakar Debara hilaren 28an. Hitzordua 20:00etan izango da, Kultur Elkartean, eta 16 urtetik gorako herritarrei zuzenduta egongo da. Gaztelaniaz jardungo du Etxeberriak, ordubete inguruko iraupena izango duen emanaldian; sarrera librea izango da eta ez da beharrezkoa izango lekua aurrez erreserbatzea (edukiera mugatua).

Umorezko saio horretan, emakume euskaldun ezkongabe batek maitalea, laguna edo txateatzeko norbait bilatzeko bizi dituen komeriak izango ditu hizpide donostiarrak. Horretarako, teknologia eta estrategia mota guztiak erabiltzen ditu, baina oraindik ez omen du aurkitu bikote egonkorra aurkitzeko formula sekretua.

Mujer vasca soltera busca… ikuskizunarekin emango dio amaiera KulturEkin egitasmoak aurtengo egitarauari. Otsailean abiatu zen 2022ko programazioa, Olatz Salvador musikari donostiarraren kontzertuarekin, eta harrezkero beste sei ekimen egin dira hilabeteotan; Esti eta Mikel Markezen emanaldia martxoan, Liburuaren Egunaren harira antolatutako ekitaldiak apirilean, Pelax eta Bidelapurrak taldeen kontzertua maiatzean, Ibil Bediren zuzenekoa ekainean, Xahu taldearen kontzertua uztailean eta Maialen Akizu, Uxue Alberdi, Aitor Bizkarra eta Andoni Egañaren bertso saioa azaroan.

Mikel Urdangarin, ‘Ura bere bidean’ lana grabatzen. Argazkia: Mikel Urdangarin

Jarraipena 2023an. Nolanahi ere, bidea egiten jarraituko du Debako Udalak eta Kultur Elkarteak elkarlanean antolatutako egitasmoak 2023an ere, antolatzaileek egunotan iragarri baitituzte datozen hilabeteetara begira aurreikusitako lehenbiziko bi kultur jarduerak.

Batetik, urtarrilaren 27an, Mikel Urdangarin musikaria ariko da Kultur Elkartean, 22:00etan. Emanaldirako sarrerak abenduaren 28an jarriko dira salgai, 18:00etatik 20:00etara, hamar euroan. Zornotzan 1971n jaioa, Gasteizen bizi da euskal kantautorea. Oraintsu bete ditu 25 urte musikagintzan, eta bere ibilbideari errepasoa ematen dion disko berezia kaleratu berri du, aurten, justu, mendea betetzen duen Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin: Badena eta ez dena.

Bestetik, otsailaren 24an, Miren Narbaiza (MICE) musikari eibartarraren abestiak eta Itziar Garaluce artista bisualaren irudiak uztartzen dituen Meteo ikuskizuna izango da Kultur Elkartean, 22:00etan. Oraindik ere zehazteke dago sarrera salmenta nola egingo den, baina antolatzaileek datozen egunotan argituko dute guztia. Emanaldirako sarrerak 5 euroan jarriko dituzte salgai.