Sasiolako santutegiaren inguruko hitzaldia bihar Kultur Elkartean

Berriketan 2021ko aza. 11a, 12:21

Alex Turrillas historiazale debarrak La otra historia de Sasiola, del esplendor al olvido izenburuko hitzaldia eskainiko du bihar, azaroak 12 (ostirala), arratsaldeko 19:00etan Kultur Elkartean.

Sasiolako santutegia, monumentu izendatu zuten 1964ko urtarrilaren 17an. Deba ibaiaren eskuineko ertzean dago, Donejakue bidean. Gaur egun, XVII. mendeko klaustroaren, erromesen ospitalearen eta elizaren aztarnak kontserbatzen dira. Tenplua gotiko estiloko eraikuntza da, hiru ataletan banatutako habearte bakarrekoa. Nabea sendotuta dago kanpoaldean, kontrahormekin eta arbotante batekin. Barrualdean, XVII. mendeko erretaula bat nabarmentzen da, San Frantziskoren bizitzako eszenekin.

Santutegiaren historiaren eta bertako bitxikerien inguruko xehetasun gehiago kontatuko dizkie bertaratzen direnei.