San Juan gauean ohiko diren suek argituko dituzte Deba eta Itziar iluntzean

Berriketan 2022ko eka. 23a, 09:00

Urterik urte, tradizioak dioen moduan, San Juan bezperan, Euskal Herri osoko ehunka herritan sua protagonista duen egun berezia ospatzen da, eta udako solstizioari ongi etorria ematen zaio, besteak beste.

San Juan gaueko ospakizunak udako solstizioarekin, Ipar hemisferioan, erlazionatutako ospakizun paganoan du jatorria. Udako solstizioa urteko egunik luzeena eta gau laburrena dugun garaia da. Egun hori ekainaren 21a edo 22a izaten da. Hala ere, gaur egun, erlijio katolikoa dela eta, ekainaren 24an ospatzen da San Juan Bautistaren omenez.

Euskal Herriko mitologian San Juan bezperako gauari lotutako erritualak belaunaldiz belaunaldi transmititu dira mendeetan zehar. San Juan gauean sua pizteko ohiturari urtez urte eutsi zaio. Tradizioari kasu eginda, su horiek eguzkia irudikatzen dute, garbitzaileak dira eta hiru aldiz salto behar dira gutxienez urte on bat izateko. Bizitzan aldatu nahiko genukeen hori irudikatzen duten objektuak sutara botatzeko ere erabiltzen da sarritan unea; apunteak (ikasturtea gainditu badugu), ahaztu nahiko genukeenaren argazkia…

Deba eta Itziarren izango da San Juan gaua ospatzeko aukerarik aurtengoan ere. Debako kasuan, 22:00etan izango da sua Foruen plazan, eta ondoren erromeria izango da. Itziarren, berriz, 19:30ean FunBox Factory izango da Urmaeleko zelaian eguraldi ona lagun; euria egingo balu, aldiz, frontoian. Horren ostean izango da Itziarren sua, 22:00etan.