Parte-hartze handia Korrika girotzeko ekimenetan

Berriketan 2022ko api. 8a, 14:17
Gauerdian ez ezik, arratsalde osoan ere presentzia handia izan zuen atzo Korrikak gurean. Talde eta eragile ugarik hartu zuen parte, era batera edo bestera, Korrikaren aldeko ekitaldietan eta harrera beroa izan zuten guztien ekimenek ere herritarren aldetik, Deban nahiz Itziarren.

Bazkal ostean abiatu ziren atzokoan ekimenak, herriko eskolak, guraso elkarteak eta umeak protagonista zituztela. Korrika Txikiak herriko kaleak zeharkatu zituen lehendabizi Deban, 15:00etan, eta beranduxeago Itziarren. Horren ostean umeentzako txokolatadak eta Kolore Anitzek gidatutako euskaraokeak ere parte-hartze handia izan zuten Deban.

Arratsaldeak aurrera egin ahala, herriko beste eragile batzuek hartu zieten testigua gaztetxoenei. Plazajiran ekitaldia eskaini zuten Kalean Kantuzek, Kalez Kale txistulari taldeak, Gure Kai dantza taldeak eta Kulunka dantza taldeak, eta Agirre Jauregitik hasi eta Plaza Zaharreraino kaleak kantu eta dantzaz girotu zituzten.

Iluntzean, Korrikaren aldeko argazki herrikoiak parte-hartze ederra izan zuen, baita horren ostean Aldats pilotalekuan antolatutako afari autogestionatuak ere.

Itziarren, Deban bezala, frontoitik abiatutako Korrika Txikiaren ondoren ere izan zuen jarraipena egitarauak. Herriko trikitilariek alaitutako kalejirak girotu zuen iluntzea, eta Hostaleko afariak (mikro ireki eta Aitor Zubikarai eta Josune Arakistain bertsolariekin) ere oso harrera ona izan zuen.

Hona hemen eskura ditugun bideoetarako estekak: Debako Korrika Txikia, Debako kultur eragileen Plazajira eta afaria