Oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko hainbat lan egiten hasi da udala

Berriketan 2023ko ots. 15a, 12:04
Jarduketa horiek, zehazki, Nafarroa Plazan eta Ifar, Itsasbegi eta Mogel kaleetan egingo dituzte.

Udal iturriek jakitera eman dutenez, otsailean egingo dituzte oinezkoen irisgarritasuna eta segurtasuna handitzeko helburuarekin hasitako lanak. Oztopo arkitektonikoak kentzeko lan multzoa 2019-2023 agintaldiko bideari jarraituz egingo dute, eta, zehaztu dutenez, herritarrek egindako eskaerei erantzuten diete. “Lan hauek udal gobernuak 2023. urterako jarritako lehentasun artean daude. Hain zuzen ere, 2019-2023 agintaldirako Gobernua Planean jasota daude”.

Jarduketei dagokienez, seinaleztapen eta urbanizazio lanak egingo dituztela esan dute. Zehazki, Nafarroa Plazan eta Ifar, Itsasbegi eta Mogel kaleetan egingo dituzte jarduketak. Nafarroa Plazan, esaterako, hondartza aurreko aparkalekua eta Nafarroa Plaza 1. zenbakidun eraikina lortzen dituen zebra bidea irisgarri bihurtuko dute. Bide batez, zumarditik gune horretara doan tunelaren inguru osoa oinezkoentzat jarriko dutela ere esan dute. “Zumardira ematen duen tunelaren eremuan aparkatzeko aukera kenduko da, eta horrekin batera, kanalizazioak berrituko dira”. Lanok egunotan amaitzea aurreikusten dute.

Ifar kalean, bestalde, errepidea koskarik igaro gabe gurutzatzeko zebra bidea jarriko dute. Lan horiek egiteko, kale horretako 20. zenbakidun eraikinaren ibia baliatuko dute. Azpimarratu dut lanek ez diotela ibiari eragingo. “Bere horretan mantenduko da eta kaletik ibilgailuak ateratzeko bidea ere mantenduko da. Lurretik kendutako seinaleztapen horizontala ordezkatzeko seinaleztapen bertikala jarriko da. Aldi berean, zebra bidearen berri ematen duten seinaleztapen bertikalak ere jarriko dira”.

Itsasbegi kalean, ordea, oinezkoentzako pasabidea irudikatuko dute, egun aparkaleku bat dagoen tokia baliatuz. Horrez gain, agerian dagoen erretena burdin sarearekin estali eta igogailutik Itsasbegi 8. zenbakidun eraikinera bitartean dauden koskak leuntzeko arrapala txikiak jarriko dira. “Bihurgunean, gainera, ganbil itxura daukan ispilua jarriko da eta, bihurguneko zabalera murriztua dagoen lekuan gaizki aparkatzen den eremuan, aparkatzea debekatuta dagoela adierazten duen marra horia ere margotuko da”.

Mogel kalean, azkenik, gehienezko abiadura 30 kilometro ordura mugatua dagoela gogorarazteko seinale gehiago jarriko dituzte. “Errepidean ibarbideak kokatuko dira, abiadura murrizten laguntzeko”. Mogel kalearen ekialdean, gainera, bi eserleku berri ipiniko dituztela ere esan dute.