Oholtzetara bueltatu da Brigade Loco taldea

Berriketan 2022ko abe. 5a, 09:00
Etxarrin eta Oñatin eskaini berri dituzte lehen zuzenekoak, abuztuan Gasteizko txosnagunean emandako kontzertutik etenaldi txiki bat egin ondoren. Data berriak ere iragarri dituzte.

Etxarriko Gaztetxean eta Oñatiko Gaztelekuan aritu da Brigade Loco azaroan, eta hurrengo kontzertua abenduaren 17an eskainiko duela jakinarazi du, Atarrabian egingo den Hatortxu Rock jaialdian parte hartuko baitu Soziedad Alkoholika, Skakeitan, Odolkiak Ordainetan, Bulego, Nogen edota Odei taldeekin batera.

Urtarrilaren 14an, bestalde, Santiago de Compostelan joko dute Rude Pride eta Keltoi! taldeekin batera. Otsailaren 17an, Bilboko Kafe Antzokiko eszenatokira igoko dira, Arene 6 taldearekin batera. Eta ekainean egingo den Gasteizko Azkena Rock jaialdian ere parte hartuko dutela aurreratu dute. Mundu mailan sekulako ospea duten hainbat talderekin partekatuko dute oholtza: besteak beste, Iggy Pop, Rancid eta Lucinda Williamsekin.

Taldeko kideek, gainera, beste albiste bat ere eman dute. Perugiako (Italia) Azione Diretta taldearekin batera Borghetti Crew izeneko disko elkarbanatua aurkeztuko dute abenduan.