Ohiko formatuan bueltatuko da Debako San Silbestre lasterketa

Berriketan 2022ko abe. 14a, 12:02
Koronabirusak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren, aurtengo lasterketa ohiko formatuan egingo dela iragarri dute Deba Xtreme Kirol Taldeak eta Debako Udalak.

Abenduaren 31n egingo dute kirol proba herrikoia, eta azken urteotan egin modura, lau lasterketa egingo dituzte: 16 urtetik gorakoen lasterketa nagusia eta 4-13 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzako beste hiru lasterketa.

Haur eta gaztetxoen lasterketekin hasiko dute eguna. Korrikalari gazteenek Foruen Plazatik irtengo dute, eta adinaren araberako distantzia egingo dute korrika: 4-7 urte bitartekoak 11:15ean aterako dira eta 200 metroko lasterketa osatuko dute; 7-10 urte bitartekoak, aldiz, 11:30ean aterako dira eta 400 metroko lasterketa osatuko dute eta, azkenik, 11:45ean irtenda, kilometro bateko lasterketa osatu beharko dute 10-13 urte bitartekoek.

16 urtetik gorakoek, berriz, 5 kilometroko lasterketa osatu beharko dute. 12:00etan irtengo dute Foruen Plazatik, eta Calbeton Zumarditik, hondartza pareko pasealekutik, ibai ondoko pasealekutik eta Kaseta Beltzetik igaro ondoren, leku beretik bueltatuko dira Foruen Plazara. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, ez da lasterketa lehiakor bat izango. “Ez da saririk egongo. Guk nahi duguna da ahalik eta jende gehienak parte hartzea”. Jendea, gainera, mozorrotuta korrika egitera animatu dute. “Jai giro alai eta politean egin ohi da proba, eta hori bultzatu nahi dugu”.

300-350 pertsona inguru batzen ditu urtero probak, eta aurten ere kopuru horretara iristea espero dutela esan dute antolatzaileek. “Proba oso arrakastatsua eta berezia da guretzat”. Parte hartzeko interesa dutenek, abenduaren 15etik 30era turismo bulegoan izena eman dezakete. Haurrek doan izena eman ahal izango dute, eta helduek, berriz, 7 euro ordaindu beharko dituzte. “Diru horren truke, material zozketan parte hartzeko aukera izango dute nagusiek”. Data horietan izena emateko aukerarik ez dutenek, egunean bertan plazan izena emateko aukera izango dutela jakinarazi dute.