Odol emate saioa, hilaren 11n

Berriketan 2022ko aza. 9a, 13:56

Debako Odol Emaileen Elkarteak odola emateko saio berri bat antolatu du. Saioa azaroaren 11n egingo dute, Luzaro ikastetxean; 16:30etik 20:30era bitartean ariko dira osasun arloko profesionalak lanean. Herrian zeregin horretan urteak daramatzan taldeak, beste behin ere, bertan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Antolakuntza lanak errazteko, eta azken hilabeteetan modura, ezinbestekoa izango da aurrez hitzordua hartzea. Interesa dutenek 612 402 103 telefono zenbakira deitu edo Whatsapp mezu bat bidali beharko dute txanda hartzeko. Horretarako azken eguna osteguna (azaroak 10) da. Zehaztu dutenez, 16:00etatik 20:00etara jasoko dituzte deiak eta mezuak. “Zuen zain gaude. Oraindik 30 txanda daude libre”.

Ohartarazi dute sintoma susmagarriak (katarroa, mukiak edo eztula moduko sintomak) izanez gero, ez bertaratzeko. Odola emateko zenbait baldintza:

  • 18-65 urte artean izatea.
  • 50 kilotik gora pisatzea.
  • Atseden hartuta, otordu arina eginda eta ondo hidratatuta joatea gomendatzen dute. “Etorri odola ematera, baina ez baraurik”.
  • Emakumezkoek urtean gehienez ere hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek, berriz, gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen laga beharra dago.
  • Odola eman aurretik, segurtasunagatik, bai emailearentzat zein jasotzailearentzat, osasun elkarrizketa egiten da, eta emailearen tentsioa zein hemoglobina maila begiratzen da.

Esker oneko omenaldia odol emaileei. Debako Odol Emaileen taldeak, bestalde, aitortza ekitaldia egin zuen igandean (azaroak 6). Urtero odol emate kopuru handiak egin dituzten herritarrak omentzen dituzte, eta aurten sei lagunek jaso dituzte intsigniak eta esker onak herrian, honakoek:

  • 25 emanaldirekin: Amaia Larrañaga Azkoitia, Maite Txurruka Allika eta Ihintz Urkiri Lazkano.
  • 50 emanaldirekin: Manuel Agirregabiria Makazaga.
  • 75 emanaldirekin: Joseba Sagarna Arrizabalaga.
  • 100 emanaldirekin: Jose Luis Aperribai Etxeberria.