Mushing-eko Munduko Txapelketan laugarren sailkatu da Harkaitz Aizpurua lera-gidaria

Berriketan 2022ko api. 16a, 16:53
Hamarren (Norvegia) jokatu da aurten Mushing-eko Munduko Txapelketa eta Iker Ozkoidi nafarra gailendu da Aurelie Delattre frantziarra eta Hans Lindahl norvegiarra mendean hartuta. Ozkoidik munduko txapeldunaren titulua berretsi du, eta mushing munduan dagoen txapelik preziatuena gehitu dio bere palmaresari, duela bi urte, eta distantzia berean, Europako txapelketa irabazi ondoren.

Txakurrek tiratutako leren probak 43 kilometroko hiru etapa izan ditu eta Norvegiako Gasbu eski-estadioan jokatu da. Musher nafarrak irabazi du urrezko domina, Delattre geratu da bigarren postuan, eta Lindahl hirugarrenean.

Harkaitz Aizpuruak laugarren postua lortu du, baina podiumeko hirugarren postutik oso gertu. “Aurten ezin izan gara iaz bezala Norvegian bertan entrenatu –azaldu du Aizpuruak–; Baqueira-Bereten aritu gara, askoz baldintza eskasagoetan eta entrenamendu-kilometro faltan geunden”. Hala ere, bidaia bera “oso berezia” dela azpimarratu du: “Esperientzia bezala oso ederra eta erronka handia da autokarabanan haraino joatea 18 txakur zeurekin hartuta”.

Edozein modutan, mundukoa hirugarren lehia izan du aurten Aizpuruak. Horren aurretik, Pirinio katalanetako Musher Race-aren lehenengo edizioan parte hartu eta podiumean sartu zen, hirugarren postua lortuta.

Espainiako Txapelketan hartu zuen parte gero, eta laugarren postua eskuratu zuen. Esperientzia hori “frustrante samarra” izan zela gogoratzen du, izan ere, probako lehenengo egunean (larunbata) lehen postuan geratu zen oso denbora onarekin (txapelketako onena); igandean, aldiz, txakurrak okertu, pistatik atera eta denbora asko galdu zuen.