ELKARRIZKETA

Maitane Unanue: “Ez gaude abortuaz hitz egitera ohituta, ezta loratu ez diren hazitxoei beren lekua egitera ere”

Berriketan 2022ko eka. 13a, 09:00

Denonartean argitaletxearen eskutik ikusi du argia Hirugarrena orduan liburuak.

Maitane Unanuek, Mirari Alkortak eta Xabier Etxanizek ondutako lana da, heriotza, abortua, familia erlazioak… lantzen dituena. Maitane Unanue lasturtarrak azaldu dizkigu album ilustratuaren nondik norakoak.

Mirari Alkortarekin batera Hirugarrena orduan ipuina idatzi duzu. Nola sortu zaizue ideia?
Aspalditik gustatzen zaizkigu ipuinak, batez ere album ilustratuak. Haur Hezkuntzako irakasleak gara eta, ni, ama ere bai; egunero erabiltzen ditugu. Unibertsitateak elkartuta, irakasle batek bion zaletasuna indartu zuen. Pedagogia sistemikoko masterra ere egin dugu eta bertan aurkeztu zizkiguten ipuin sistemikoak. Hortik azken bultzadatxoa.

Abortua du gai nagusi. Heziketarako lan-tresna al da?
Beti pentsatu izan dut heziketa etxean hasten dela, beraz, hasteko eta behin, familien tresna modura aurkeztuko genuke abortuaz hitz egiten duen ipuin hau. Kontuan izan behar dugu itzalpean egon den eta dagoen abortuaren gai hau lantzeko norberak egin behar duela bere buruarekin gutxiengo lanketa lehendabizi. Gaiak emozio asko sortzen ditu. Hainbat sistema eta testuingurutan erabil liteke ipuina, baina sor ditzakeen gogoeta edo emozioak kudeatzea baliteke denon eskura ez egotea; hori dela eta, sentsibilitatez eta taktuz erabiltzekoa da. Ez da soilik haurrei zuzendua; gaia erdigunean jartzeko soilik balio badu ere gu asebeteta.

Ama ere bazara; horrelako ipuinen premia sumatu duzue akaso?
Ipuina idaztea erabaki nuenerako gaia aukeratuta nuen jada. Abortu bat izan nuen nik neuk eta horretaz idazteko beharra sentitzen nuen. Kontakizuna idaztea nire bizipenak ateratzeko bidea izateaz gain, abortuaren gaiari behar duen lekua eskaini nahi izan diogu. Ez gaude honetaz hitz egitera ohituta, ezta loratzera iritsi ez diren hazitxoei beren lekua eskaintzera ere. Ipuin honekin beraiena duten lekua eskaini nahi diegu: abortuari gure gizarteko errealitate bezala, eta iritsi ez diren horiei familiako kide bat bezala. Eskertza eta aitortza egiteko gure aletxoa izan da.

“Mimatuz” izendatu duzue sorta, lehena omen; gehiago datozen seinale?
Mirari eta Maitane batuz, sortuz, elkartuz… hitz-joko horretatik dator izena. Bion proiektua da eta mimo handiz ari gara. Bai, lehenengoa iritsi da, baina bidean badira gehiago.

Xabi Etxanizek ilustratu du liburua. Asmatu al du zuen hitzak janzten?
Oso gustura gelditu gara Xabik egin dituen ilustrazioekin. Zerbait sinplea, goxoa… bilatzen genuen, baina, era berean, asko esaten duena. Xabik bete-betean asmatu du horrekin; oso ondo josi ditu bere irudiak gure hitzekin.

Xabier Etxaniz, Mirari Alkorta eta Maitane Unanue, Debako Kultur Elkartean.