GUTUNA

Maiatzaren 13ra arte egongo dira salgai Herri Urratsera joateko autobuserako txartelak

Berriketan 2023ko mai. 5a, 10:24

Maiatzaren 14an Senperera joan-etorria egiteko autobuserako txartelen %90 saldu da, eta gainerakoak hilaren 13ra arte egongo dira salgai Labataien. Hona hemen Oihana Esnaolak eta Nagore Dorronsorok deialdiarekin bat egitera animatuz Berriketan-era igorritako gutuna.

Giro lauso bat da; sentsazio, sentimendu, lurrin iraunkor bat; maitemintze prozesu bat. Edo hala esango genuke geuk, eta egun heldu diren orduko beste gaztetxo askok.

Musu berezia ezpainetan nola, hala ditugu endredatuta burmuinean: 1,2,3,4 guneen arteko pauso hautseztatuak; euskararen aldeko kanta itsaskorrak (Lingua Vasconum…); guraso edo txartelei esker ikasitako zuhaitz-izenak; urteko lehen bainu eta azal erreak Senpereko lakuan; Bittor Aiape bozgorailuetatik; Gora Euskadi txapel mitikoak; solomo, piper eta gazta bokata gehi sagardo botila tiket-txosnetan; Oranginaren mikatza; lokatza Eganen kontzertuan dena emanda dantzan; gustuko harekin topo egitea plastikozko komun-kabina ataskatuen ilaran; euskalkietako hitz exotiko-xelebreak; euskal talde “ezezagunen” (Kashbad, Exkixu, Lugarri, Berri Txarrak…) kontzertuak entzutea lehenengoz belar hezetan eserita; ordua ondo jota saltaka abiatzea Debako autobuserantz autobus-errenkada amaigabean zehar, eta, azkenean, Arrasateko autobusean itzultzea Arrasatera (mugikorrik gabeko garaiak doan oparitu ohi zituen abentura-paketeak); Beran gas negar-eragileetatik ihesi ezezagunekin partekatutako kotxeak (txarrenean ere ona)…

Urratsez Urrats, Oinez, egindako Kilometroekin Euskara urtez urte arnasberritzearekin bat, geure bizitzan Ibilaldi jakin bat egin genuen: diruz nekez eros daitekeen opari aberasgarria. Horregatik, gure ondorengoei hainbeste opa diegulako, maiatzaren 14an Senperen egingo den Herri Urratsen parte hartzera animatu nahi zaituztegu.

Autobusez joateko, apirilaren 17tik maiatzaren 13ra, Labataien eman ahal izango da izena (12 euro); irteera-ordua 8:45ean izango da, eta itzulerakoa, 19:00etan.

Aurtengo leloak dioen moduan, Urratsak zubi baitira, lurraldeen, hizkuntz komunitateen, eta, nola ez, belaunaldien artean.