Liburuaren Eguneko ekitaldiek berrogeita hamar lagunetik gora bildu zituzten Kultur Elkartean

Berriketan 2022ko api. 25a, 12:56
Apirilaren 23an, Liburuaren Egunean bertan, hasi eta apirilaren 29ra arte badago Deban liburuen usainean ibiltzeko aukera nahikoa. Eta egitarauari hasiera eman zieten Liburuaren Eguneko ekitaldiei harrera beroa egin zitzaien Kultur Elkartean.

Liburuaren egunean, 11:00etatik 14:00etara liburu azoka berezia egin zen Kultur Elkarteko plazan. Bertan herriko liburu dendek, Masillok eta Arkatzak, hartu zuten parte eta bertara gerturatu zirenek aukera izan zuten Kultur Elkarteak eta Udalak argitaratutako liburuak ikusteko. Gaztelekuko gazteak aritu ziren postuetan saltzaile.

11:00etan, aretoaren barruan, poesia-irakurraldia izan zen. Tene Mujika hil zeneko 40. urteurrenaren testuinguruan,  Tene Mujikaren poesia irakurri zuten Mari Seara eta Amaia Zinkunegi herritarrek batetik; eta, bestetik, bermut literarioa eta mikro irekiaren formatuan, Debako 4 idazlek, Lourdes Gonzalezek, Alex Turrillasek eta Eibarko Poesia Taldeko zenbait kidek beren idatzi batzuk irakurri zituzten.

12:00etatik aurrera herriko idazleak beraiek idatzitako liburuak sinatzen egon ziren. Goizane Aizpuruak; ‘Afasia Air Lines’ (2018) eta ‘Izarak’ (2021) liburuak idatzi ditu. Nerea Loiolak hiru liburu idatzi ditu: ‘Harri bat poltsikoan’ (2018), ‘Azken Lanhutarra’ (2019) eta ‘Epizentroa’ (2021). Maitane Unanuek ‘Hirugarren Ordua’ (2022) liburua idatzi du eta Myriam Martinek ‘Viaje a Deba’ (2022).

Horrez gain, terrazan, bermuta, pikoteoa eta garagardoa izan ziren, ekitaldia bermut literarioari dagokion aisialdi-giroaz jantziz. 55 bat lagunek hartu zuten guztira parte, era batera edo bestera, ekitaldian.

Liburuaren inguruko egitarau osoa ikusi nahiez gero hemen aurkituko duzu.