Ekimen ezberdinak aukeran, Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltan

Berriketan 2022ko api. 21a, 18:16
Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, larunbatetik hilaren 29ra bitarteko egitarau berezia antolatu dute herriko hainbat eragilek elkarlanean. Poesia irakurraldia, haurren ipuin lehiaketaren sari banaketa edota liburu azoka berezia izango dira, adibidez, aukeran.

Liburuaren Egunean bertan, hilaren 23an (larunbata), emango zaie hasiera ekitaldiei, 11:00etatik 14:00etara Kultur Elkarteko plazan ikusgai izango den liburu azoka bereziarekin. Debako Udala hainbat ekimen antolatzen ari da Tene Mujika hil zeneko 40. urteurrenaren testuinguruan, haren irudia eta egin zuen lana gogoratzeko, eta larunbatean, 13:00etan, Tene Mujikaren poesiaren irakurraldia egingo da, Bermut literarioa eta mikro irekia formatuan. 

Apirilaren 26an, asteartea, Luzaro Eskolak antolatzen duen umeen ipuin lehiaketari dagozkion sariak banatuko dira, 11:00etan, udaletxeko osoko bilkuren gelan. Iaz ez bezala, aurtengo ekitaldia osasun-pandemiak eragindako edukiera mugarik gabe egin ahal izango da.

Bestalde, hilabete honetako irakurketa klubaren saioa hilaren 27an egingo da, 19:00etan, Ostolaza Udal Liburutegian. Ander Izagirreren Potosí liburua izango dute hizpide, Ainhoa Aldazabalek gidatutako saioan.

Egitarauaren baitan antolatutako azken ekitaldia apirilaren 29an egingo da; Fundación Cárdenas fundazioak eta Udalak elkarlanean antolatzen duten “Deba ehun hitzetan” literatur lehiaketaren sari-banaketa, hain zuzen ere. 19:00etan izango da saioa, Kultur Elkartean, Musika Eskolako kideek lagunduta.