“La otra historia de Sasiola” bisita gidatua eskainiko du larunbatean Alex Turrillasek

Berriketan 2022ko uzt. 13a, 13:17

Gure Giro programazioaren baitan bi bisita gidatuko ditu Alex Turrillas historiazaleak hilabete honetan. Lehen irteeran, Sasiolako santutegia bisitatu eta gure herriko historiaren hainbat pasarte ezagutzeko aukera egongo da, larunbat honetan, uztailak 16, 10:00etan Plaza Zaharretik abiatuta. Bigarren irteera aldiz, Mendatako bale-talaiara egingo duen bisita izango da, uztailaren 30ean, 10:00etan Itsaspeko kanpinetik hasita. Irteera hauen nondik norakoak ezagutzeko Alex Turrillasekin aritu gara solasean.

Nola laburtuko zenituzke uztaileko bi irteera gidatuak? Loturarik badute euren artean?
Bi bisitak dira oso interesgarriak. Lehenengoa, Sasiolakoa, behin baino gehiagotan egin dut, jende askorekin beti. Nire iritzi apalean, debar guztiek egin beharko lukete noizbait, gure herriaren historiako gertaera interesgarri eta giltzarriei buruz ikasi ahal izango baitute. Bidean zehar zein Sasiolan, Paleolito garaiko historiaurreaz, Deba ibaiko merkataritza trafikoaz, bandokideen gerraz, Gaztelako Erkidegoetako gerraz edo Sasiolako fronteko Konbentzio Gerraz hitz egingo dugu, Sasiolako Erdi Aroko dorrearen eta ondorengo komentu eta ospitale frantziskotarraren jatorria eta gorabeherak ahaztu gabe, noski.

Bigarren bisita ere, Mendatako bale-talaiara egingo duguna, oso interesgarria da. Jende askori ia ezinezkoa iruditzen zaio Erdi Aroko benetako bale-talaia bat kontserbatu izana, nahiz eta hondatuta egon. Gure uretan balearen ehiza eta merkataritza Debako ekonomiaren lau hanketako bat izan zen iraganean. Erdi Aroko Debako “Balaena Biscayensis” eta ehiza denboraldiaz, itsasontzi eta tripulazioez, balearen merkataritzaz eta talaia-sareaz hitz egingo dugu.

Nire aholkua da uztailaren 16an eta 30ean kirol eta kulturaz jantzitako goiz eder bat pasa nahi dutenek ez dezatela galdu Kultur Elkarteak antolatutako bi bisita horiek egiteko aukera. Bisitak doakoak izango dira eta aldez aurretik eman beharko da izena (Turismo bulegoan edota www.labur.eus/guregiro2022 estekan).