Kokori gaina argiztatuko dute debar eta itziartarrek Gure Esku herri-ekimenaren baitan

Berriketan 2022ko eka. 22a, 09:00

Uztailaren 2an, larunbata, debar eta itziartarrak, eskualdeko beste hainbat herritarrekin batera, Kokori gaina (Etxalar) argiztatzera joango dira, Gure Esku herri-ekimenaren baitan egin den deialdiari erantzunez. Hori hala, ostiral honetan, hilak 24, 18:00etatik 20:00etara, Debako plaza berrian, berriro aukera izango da izena eman eta ekimenaz informatzeko.

2022ko uztailaren 2an, katalan eta euskal herritarrek 300 gailurretik gora argiztatuko dituzte Pirinio osoan zehar. Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro bat osatuko dute Euskal Herria eta Katalunia batuz, bi herrien autodeterminazio-eskubidea aldarrikatzeko.

Pirinioetako Bidea Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio herritarra da: ANC Assemblea Nacional Catalana, FEEC Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya eta Gure Esku dira antolatzaile, eta Omnium Cultural eta Artistes de la República, laguntzaile. Katalunian eta Euskal Herrian egindako hainbat ekintza ditu aurrekari: ‘Llum i llibertat’ (2019), zeinetan Montserrateko 131 orratz argiztatu zituzten; ondorengo asteetan, ‘Argi dugu bidea’ lelopean, Euskal Herriko hainbat menditan -Aiako Harria, Txindoki eta Anboto, besteak beste-, elkartasunez egindako erreplikak; eta ‘Cims per la llibertat’ (2018).

Erronka kolektibo eta parte-hartzailea izango da. Zenbait gailur soilik mendizale trebatuek igotzeko modukoak izango badira ere, gehien-gehienak egokiak izango dira era guztietako herritarrentzat. Gailur bakoitza elkarlanean oinarritutako erronka kolektibo bat izango da, eta parte-hartzaile guztien segurtasuna zainduz beteko dute.

Ingurumenarekiko begirunea ere funtsezkoa izango da proiektu honetan. Horregatik, izen-emate sistema bat jarri dute martxan, masifikazioak saiheste aldera. “Milaka eta milaka une magiko biziko ditugu, esperientzia ahaztezina izango da: gure memorian iraungo duen mugarria” adierazi dute antolatzaileek.

Autodeterminazioa eta erabateko burujabetza

Pirinioetako Bidea argiztatuz, nazioarteko komunitatearen arreta erakartzea da asmoa, herrien autodeterminazio-eskubidearen alde. Gure Esku ekimenaren antolatzaileen hitzetan, “inposatutako mugak, errepresioa eta herrion borondate demokratikoa gauzatzea eragotzi nahi duten oztopo antidemokratikoak gaitzesten ditugula adieraziko dugu. Katalan eta euskal herritarrok libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu. Lurralde bateko herritarren gehiengoak estatu berri bat sortzea hautatuz gero, posible izan behar da herri borondate demokratiko hori bururaino eramatea”.