Kaleak garbitzeko makina berria eta edukiontzi inguruak garbi mantentzeko protokolo berria

Berriketan 2022ko eka. 15a, 10:21

Debabarreneko Mankomunitateak kaleak garbitzeko makina berria erosi du, hidrogarbigailu berria, “herrietako kaleak txukun eta garbi mantentzeko zerbitzua” hobetzeko.

Hidrogarbigailuari dagokionez, Mankomunitateak esplikatu duenez, herritarrek ura erabiliz kaleak sakonago garbitzeko eskaria egin zioten, eta, horri erantzunez erosi du makina berria, 55.494,56 euroan (BEZ barne). Gaineratu duenez, hidrogarbigailuek presiozko ura erabiltzen dute zikinkeria erabat desagerrarazteko edozein gainazaletan, eta oso praktikoak eta eraginkorrak dira.

Bestalde, kaleak garbitzeko makinaria indartzeaz gain, gogora ekarri du, otsailaz geroztik, neurriak hartzen hasita dagoela edukiontzien kanpoaldean hondakin poltsak uzten dituzten pertsonekin, “herritarren kezkei eta kexei erantzunez, eta udaltzainek egindako atestatuak kontuan hartuz”.

Hala ere, ikusi dute zenbait tokitan pilatzen diren hondakin poltsen kopurua ez dela gutxitu eta hori dela-eta aldizkako ikuskapenak egingo ditu udalerrietan, edukiontzien kanpoan uzten diren hondakin poltsak kontrolatzeko eta jardunbide txar horiek egiten dituzten pertsonak edo enpresak identifikatu eta beharrezko neurriak hartzeko.

Protokolo berriaren baitako lehen pausoa izango da polizia atestatua irekitzea, eta, jardunbide desegokiak jarraitzen badu, zehapen espediente bat irekiko da, 200 eurorainoko isuna eragin dezakeena.