Jendetzaren babesean igaro da Korrika

Berriketan 2022ko api. 8a, 13:30
Aurtengoan ere pasa da Korrika gure herritik, gauez oraingoan, eta jarraitu du bere ibilbidea etzi, hilak 10, Donostian bukatuko den arte. Eta bertan, herriz herri, eskuz esku pasa den testiguak daraman mezuak dioena jakingo dugu, azkenean.

Hamar bat minutuko atzerapenarekin iritsi zen bart Korrika gurera; 00:10 inguruan jaso genuen lekukoa Errota Zarren mutrikuarren eskutik eta, martxa politean, giro ederrean eta jendetza handiaren babesean (zahar zein gazte) igaro zituen herriko kaleak, eguraldia ere lagun zuela, gainera. Itziarrera garaiz iritsi zen, bost minutu eskaseko atzerapenarekin, eta han ere jendetza izan zuen Korrikako furgonetak atzetik lagun. Gainera, aurtengoa berezia izan da Itziarren, lasterketa herrikoiak lehenbizikoz zeharkatu baitu herrigunea.

Guztira, Debatik Arroa Behera arte, hamalau kilometroko ibilbidea osatu da debar eta itziartarren artean. 38 eragilek eraman dute lekukoa orotara (hogeita bostek Deban eta hamahiruk Itziarren).

Azkar batean pasa bazen ere, irudi ederrak laga dizkigu euskararen aldeko ekimenik esanguratsuenak gurean; harrera beroa izan zuten arratsaldean egin ziren ekitaldiek ere.

Hona hemen eskura ditugun bideoetarako estekak: 22. Korrika (Deba), 22. Korrika (Itziar)