Itziarko parrokiako 1887ko matrikula-liburu interesgarria agertu da Bilboko Astarloa liburu zaharren denda sonatuan

Berriketan 2021ko aza. 4a, 13:19

Alex Turrillas Aranzetak eman du aurkikuntzaren berri eta, haren garrantziaz jabetuta, agiriaren beraren xehetasunak eta azalpenak Berriketan aldizkariak ere jaso nahi izan ditu. Hona hemen historiazaleak egindako kronika:

“Maiatzean Patxi Aizpitarte Itziar eta Debako apaizak adierazi zidan Itziarko eliz artxiboko agiri interesgarri baten berri izan zuela. Agiri hori salgai zegoen Bizkaiko hiriburuko liburu zaharren denda ezagun batean, Astarloan. Arduradunak esan omen zion salgai zituenen artetik kenduko zuela berehala eta Itziarko parrokiari dohaintzan eman. Parrokiako matrikula-liburua da, eta 1887tik 1902rakoak jasotzen ditu.

Liburua Bilboko liburu-dendak Real Sociedad Bascongada de Amigos del País-eko kide eta ikerlari izan zen Juan Antonio Garmendia Eloseguiren oinordekoei erositako paper, liburu, argazki eta kartel sorta handi bateko parte zen.

Liburua Libro de matrícula y conferencias litúrgico-morales parroquia de Itziar, Gipuzkoa. Años 1887 a 1936 modura erreferentziatu izanak sumarazi zigun hainbat liburukik osatutako bilduma bateko parte zela (besteak leku ezezagunean daude eta 1936ko erregistroekin amaitzen dira). Izan ere, honen izenburua Libro de matrícula de la Parroquia de Iciar. Dá principio en el año de 1887 da.

Liburuaren azalak pergaminozkoak dira eta aurreko azala oso hondatuta dago; barrualdea, nahiko egoera onean. Orrialde bakoitzean 13 lauki ageri dira eliztar bakoitzaren datuez beteak.

Edukiari dagokionez, goiburuan “Calle de…” eta auzo desberdinen izenak edo herrigunearena ageri dira eta azpiko 13 laukietan honako datuak: erregistratutako pertsonaren ordena-zenbakia, etxearen zenbakia edo baserriaren izena, solairua, eliztar guztien izen-abizenak, jaiotze-lekua, adina, egoera zibila, lanbidea, Itziarren bizitzen daraman denbora, konfirmazioa egin duen, lehen jaunartzea egin duen, pazkoko agindua bete duen, eta oharrak.

Matrikula-liburuak herrigunea eta auzoak bereizten ditu. Interesgarria da ikustea herriguneko ia etxe guztiek beren izena zutela. Izenak batzuetan jabearen lanbideari egiten zion aipamen, besteetan abizenari, bere jatorrizko baserri edo herriari, edo bere ezaugarri fisikoren bati, baita etxearen erabilerari ere. Horrela, etxe-izen hauek ageri zaizkigu, besteak beste:

Carterocua, Confiterocua, Organistacua, Zapataricua, Medicocua, Aguardentecoa, Alambratzallecoa…; Roquenecua, Gasparrenecua, Antoni motzanecua, Chinchocua, Bisimodu, Anducenea, Arteondocua…; Pagatzacua, Guetarienea…; Hospitalecua, Dendaberricoa, Taberna zarra…; Plazacua, Calzadacua, Errondacua, Erretenberria…

Itziar, Egia, Itxaspe, Arriola, Mardari, Elorriaga, Lastur behea, Lastur goia, Endoia eta Arbiskoa auzoak ageri dira. Ez, ordea, Sasiola, Artzabal eta Deba ibaira ematen duten mendi-magaletako baserri batzuk, Debako parrokian baitzeuden erregistraturik. Egun desagertuta dauden Arronamendiko baserriak ere ez dira aipatzen, Egaña eta Gorritiberea familiak eta, gero, Larramendi familia bizi izandakoak.

1887an 1642 pertsona zeuden eliztar modura erregistraturik Itziarren. Abizenek garai bateko endogamiaz hitz egiten digute. Adibidez, argi geratzen da Agirregabiriarrak Lastur Goikoak eta alboko Endoiakoak direla, Ezteia, Txarrantxola edo Ziolar baserrietan errotuak; Elorriaga auzoan ez zegoen Agirregabiriarik. Ezkongaia ahalik eta hurbilen aurkitu beharra zegoen.

Azkenik, gogoetatxo bat: Itziarko egungo baserrien 70 bat Debako lur-neurtze liburuan (1482 eta 1483) aipatzen ziren, 1887ko liburu honetan ere bai. Urte gutxian, zoritxarrez, beste asko galdu ditugu. Gure baserriak zaindu beharreko ondare ditugu. Eta ezingo balitz eta harri zaharren gainean eraiki beharko bagenu, haren izena gordetzera behartuta geundeke, gure historian ezabaturik gera ez daitezen”.