Irungo Gordailuan dauden Itziarko Urtiagako leizeko materialak berraztertu ditu Antxieta Arkeologi Taldeak

Berriketan 2022ko mai. 4a, 17:37

1981ean milaka urtetan inor ibili gabeko Itziarko Urtiagako leizea aurkitu zuten Antxieta Arkeologi Taldeko kideek Salbatore edo Urtiagako mendian. Ordura arte kobazulo ezezaguna zen, mendian zegoen zulo txiki bat baino ez; taldekideek hura ireki ondoren galeria garrantzitsuak bistaratu zitzaizkien, ordea. Berriki, 40 urte pasa diren honetan, aurkitutako materialak berraztertzen izan dira Gipuzkoako ondarearen gordelekua den Gordailuan. Horren ostean, apirilaren 10ean, Urtiagako leizean barneratu ziren berriz, antzinako oroitzapenak berreskuratzeko.

1981etik 1983ra bitartean, bi zundaketa egin zituzten koba barruko bi zonaldetan, Aranzadiko Jesus Altuna paleontologoaren ardurapean. Lehenengo zundaketan material paleontologikoa bakarrik azaldu zen, bigarrenean, berriz, horiez gain gizakiaren aztarnak ere aurkitu zituzten, material litiko bakar batzuekin. 1983an ikerketa horiek bukatuta, material guztiak, beren txosten eta guzti, Aranzadi Zientzia Elkartera bideratu zituzten (garai hartan San Telmo museoan).

Aurkitutako animalia-espezieen artean garai hartan Euskal Herrian berritasun zen mamutaren hezurra aurkeztu zen 1984an. Dena dela, azaldutako beste 16 espezieak ere oso garrantzitsuak ziren eta Jesus Altunak haien ikerketa gehiago aurkeztu izan ditu Europan zehar.

Guztiak ere garai hotzeko espezieak dira, Europako azken glaziaziokoak (orain dela 115.000 urtetik 11.500 urtera arte). Honako hauek dira:

Belarjaleak: Mammuthus primigenius (mamut iletsua), Equus ferus (zaldia), Coleodonta antiquitatis (errinozero iletsua), Rupicapra rupicapra (sarrioa), Ranfiter tarandus (elur-oreina), Cervus elapus (oreina), Capreolus capreolus (orkatza), Megaloceros giganteus (orein erraldoia), Lepus europaeus (erbia), eta Bos (idia).

Haragijaleak: Panthera leo (lehoia), Crocuta crocuta (hiena), Canis lupus (otsoa), Vulpes vulpes (azeria), Ursus spelaeus (leize hartza), Mustela (erbiñudea) eta Meles meles (azkonarra).