Irene Sarrionandia izena izango du Camille Extreme emakumezkoen lehenengo postuaren sariak

Berriketan 2022ko eka. 28a, 10:13

Camille Extreme mendi lasterketaren antolakuntzakoek orain dela gutxi zabaldu duten berria da: Irene Sarrionandiaren omenez mendi-lasterketako emakumezkoen lehenengo postuaren sariak kirolari debarraren izena eramango du.

Horrela, beren esanetan, “mendiko crack honen inplikazio handia aintzatetsi nahi dugu, 73 urterekin Camille lasterketaren edizio guztietan hartu baitu parte”. Izabako hitzordu ezagunaren 16 edizioetan hartu du parte Irene Sarrionandiak, pasa den ekainaren
19an azkenengoz, eta bera da edizio guztietan parte hartu duen kirolari bakarra.

31,6 kilometro eta 2.044 metroko desnibel positiboa du Camille Extreme lasterketak eta izendapen hori izan du berrikuntza handietako bat azken edizioak, 586 lasterkari bildu zituenak, eta 210 bere bertsio murriztuan.