ELKARRIZKETA

Iñaki Goikoetxea: “Gauzak ez dira espero bezain ongi ateratzen ari, baina jokalariak hau aurrera ateratzeko konfiantzaz daude”

Berriketan 2023ko mai. 8a, 09:41
Jokalari zein entrenatzaile bezala ibilbide oparoa egin ondoren, debarrak martxoaren erdialdean hartu zuen Real Unionen gizonezkoen lehen taldearen gidaritza, klubeko administrazio kontseiluak David Movilla kargugabetu ondoren.

Irungo Real Union taldea bolada txarra igarotzen ari da eta Lehen Federazioko mailari eustea izango da Iñaki Goikoetxea (Deba, 1982) entrenatzailearen eta berarekin batera lantalde teknikoa osatuko duten Ricardo Costaren, Ibon Zoiloren eta Ivan Curielen egiteko nagusia. Taldea jaitsiera postuetan dago eta, salbaziotik gertu egonda ere, beheko postuetatik burua altxatu ezinda jarraitzen du. Debarra erronka berriari aurre egiteko “gogoz” dago. Irungo taldearekin daukan egitekoari eta etorkizunera begira dituen asmoei buruz mintzatu da Berriketan aldizkariko kazetariekin.

Esperientzia berri bat bizitzen ari zara Real Unioneko entrenatzaile bezala. Hainbat futbol talde entrenatu ondoren, erronka berriari zer asmorekin egiten diozu aurre?
Erronka oso gogorra da, baina datorrenari aurre egiteko ilusioz beterik nago.

Nola doa esperientzia berri honen hasiera?
Ondo esan beharko! Banekien ez zela gauza erraza izango eta momentu txarrak edukiko genituela, baina hori guztia ondo barneratuta dut, eta horrekin bizitzen ikasi dut.

Gainera, ondo ezagutzen duzun taldea da Irungo Real Union. Jokalari bezala hainbeste eman dizun klubeko lehen taldea entrenatzea berezia izango da zuretzat, ezta?
Bai, oso esperientzia berezia izaten ari da niretzat. Urte asko eman ditut Real Unionen jokatzen eta esperientzia hartatik bizipen on asko gordetzen ditut. Orain, gainera, Irunen bertan bizi naiz eta, egia esan, kluba eta klubarekin zerikusia duen guztia oso gertutik bizi dut.

Erronka gogorra duzu aurretik. Izan ere, bolada oso txarrean hartu duzu lehen taldearen gidaritza. Taldea jaitsiera postuetan dago eta, emaitza txarrak tarteko, aurreko bi entrenatzaileak kargugabetu ondoren iritsi zaizu aukera. Zuena moduko egoera zail baten aurrean, zer da garrantzitsuena?
Halako egoera zail baten aurrean, garrantzitsuena lasaitasuna mantentzea dela esango nuke. Halako egoeretan, hain zuzen ere, urduritasun handia egoten da bai klubaren barruan eta bai zaletuen artean, eta horrek jokalariengan eragin zuzena izaten du. Nire ustez, jokalariei egunerokotasunean konfiantza eta gertutasuna ematea da garrantzitsuena, betiere exijentzia eta ardura alde batera utzi gabe.

Konfiantza eta puntu faltan egoteaz gain, nola aurkitu duzu taldea?
Taldea lanerako gogotsu aurkitu dut. Oso urte zaila izaten ari da guztiontzat. Gauzak ez dira espero bezain ongi ateratzen ari, baina jokalariak hau aurrera ateratzeko konfiantzaz daude eta horrek lasaitasun puntu bat ere ematen dit.

“Arerio asko gaude 4-5 punturen tartean, baina gure taldea gai ikusten dut mantentze postuetatik banatzen gaituzten puntu gutxi horiek lortzeko”

Duzuen ardura kontuan hartuta, presio handia izango duzue, ezta? Halako egoera baten aurrean, nola lortzen da taldea mentalki indartzea?
Edozein kiroletan pisu handia izaten du buruak eta hori ondo kudeatzen jakitea garrantzitsua izaten da. Guk lehenengo egunetik argi eduki dugu entrenamendu saio motzak egin nahi genituela burua ez kargatzeko. Izan ere, ez genuen nahi jokalariek ordu asko igarotzerik klubean. Nahiago izan dugu entrenamendua amaitu eta jokalariek beraien gauzak egiteko denbora izatea, futbolari buruz ahalik eta gutxien pentsatzeko.

Sasoiko azken txanpan hartu duzu gainera kargua. Jardunaldi gutxi batzuk geratzen diren arren, mailan mantentzeko aukerak badituzue oraindik. Ba al dakizue mailari eusteko zenbat partida irabazi edo berdindu behar dituzuen?
Egia esan, ez ditugu kontuak atera; nik behintzat, ez. Norberak hurrengo partida irabazitzat emango balu, galduz gero zer? Nire ustez, halako kontuak ateratzeak ez du ezertarako balio. Oraindik jardunaldi asko gelditzen dira eta, beraz, gauza asko gerta daitezke.

Zuena ez ezik, beste hainbat talde ere mailari eusteko ahaleginetan gogor dabiltza. Mantentze postuetatik banatzen zaituzten puntu gutxi horiek lortzeko gai ikusten al duzu taldea?
Arerio asko gaude 4-5 punturen tartean, baina gure taldea gai ikusten dut mantentze postuetatik banatzen gaituzten puntu gutxi horiek lortzeko.

Mailari eustea zer litzateke zuretzat?
Lehen entrenatzaile bezala aritzen naizen lehenengo esperientzia profesionala da honakoa eta niretzat izugarrizko lorpen pertsonala izango litzateke hainbeste eman didan talde honek mailari eustea.

Zure ustez, zeintzuk izango dira guztia ondo bidean joateko gakoak?
Gako asko daude, baina gakorik garrantzitsuena gure taldea sendo mantentzea izango da. Hau da, lehendabizi golik ez jasotzea, eta gero erasoan asmatzea.

Porrota litzateke zuretzat taldea Lehen Federazio mailan ez mantentzea?
Taldea, egia esan, ez nuen egoerarik onenean hartu eta, alde horretatik, ardura ez litzateke nirea izango, baina nire barrenean porrota nire ardura dela sentituko nuke, aukera ez baliatzeagatik eta benetan sinesten dudalako zulo horretatik atera gaitezkeela.

Oso maila zorrotza eta lehiakorra da zuena. Zaudeten egoeran egonda, jarraitzaileak Stadium Gal-era hurbiltzea eta horien babesa sentitzea ere garrantzitsua izango da. Zer eskatzen diozu taldeari eta zer zaleei?
Nik beti esaten dut taldeak animatu behar duela jarraitzailea, bai jokoarekin eta bai zelaian erakusten duen intentsitatearekin. Zaleek ahalegin hori guztia ikusten dutenean, segituan animatzen dute.

Denboraldi amaierara arte duzu kontratua. Eta gero, zer asmo duzu?
Taldea maila honetan mantentzea da orain momentuan buruan dudan helburu bakarra. Etorkizunean zer etorriko den ez dakit.

“Taldea maila honetan mantentzea da orain momentuan buruan dudan helburu bakarra. Etorkizunean zer etorriko den ez dakit”

Arlo pertsonalean, zer ikasi nahiko zenuke esperientzia honetatik?
Indar handiko esperientzia izaten ari da niretzat. Pertsonalki, asko ikasten ari naiz, bizitzen ari naizen momentuarengatik eta beste taldeetatik jasotzen ari naizen erantzunarengatik ere bai. Joko mota, entrenatzeko moduak, buruaren kudeaketa… maila honetan guztia da desberdina.

Amaikak Batekin egin zenituen lehen urratsak. Garai hartako zer oroitzapen dituzu?
Ziur asko haiek izan ziren futbol jokalari bezala bizitako momenturik onenak. Txikitatik joaten nintzen Errotazarrera aitarekin partidak ikustera eta gero bertan lagunekin jokatzea izugarria izan da. Egia esan, asko eskertu behar diot Amaikak Bati, hor hasi baitzen nire futbol ibilbidea.

Jokalari gisa hainbat taldetan jokatzeko aukera ere izan duzu. Zein esperientzia nabarmenduko zenuke?
Urte hauetan guztietan bizipen pila bat izan ditut eta, batez ere, bidean aurkitu ditudan lagunak nabarmenduko nituzke. Orain dela 20 urte jokatu nuen jokalariekin ere oraindik harremana dut; nik uste horrek laburbiltzen duela esaten dudan guztia.