Iñaki Azkue (PSE-EE): “PSE-EEk mantendu egin du 2019ko herritarren babesa”

Berriketan 2023ko mai. 29a, 13:01
PSE-EE laugarren alderdi bozkatuena izan da Deban. Hona hemen, hauteskundeen biharamunean, Berriketan aldizkarirako egindako balorazioa.

Iñaki Azkue PSE-EEren hautagaiak aitortu du “pena bat” izan dela sozialistek ordezkaritzarik lortu ez izana. “Ilusio handia egiten zidan Debako zinegotzi akta jasotzeak. Tamalez, ezin izan da”. PSE-EEren zerrendaburuaren iritziz, gainera, EH Bilduren eta EAJ-PNVren arteko hauteskunde kanpainak “zigortu” egin du alderdi sozialista. “Lastima, Debarako proposamen onak dituen proiektua dugulako”.

Ordezkaritzarik lortu ez badute ere, positibo agertu da Azkue, eta 2019an jasotako babesa mantentzea lortu dutela azpimarratu du. “Parte-hartzearen jaitsiera %5,48koa izan da Deban, baina, hala eta guztiz ere, PSE-EEk mantendu egin du 2019ko herritarren babesa”.