Ikastaro-eskaintza berria prestatu dute Itziarren irailera begira

Berriketan 2022ko uzt. 14a, 11:10

Azken urteotan Burugorri Martxan ekimenak egindako bidetik dator ikasturte berrirako proposamena. Bide hori aintzat hartu eta jarraipena bermatzeko, Itziarko Auzo Udalaren izenean kudeatuko da aurten ere ikastaro-eskaintza, iazko ikasturtean jorratutako ereduaren arabera.

Hogei bat ikastaro izango dira aukeran Itziarren eta matrikulazioa uztailaren 18ra arte (astelehena) egongo da zabalik. Auzo Udaletik jakinarazi dute irailean berriz zabalduko dela izen-ematea, baina lehentasuna izango dute izena orain, uztailean, ematen dutenek.

Matrikulatu ahal izateko, norbere datu pertsonalak eman eta gustuko ikastaroa eta ordutegia aukeratu beharko dute herritarrek. Itziarko harrera bulegoan banatzen dira inprimakiak eta bertan egin daiteke izen-ematea zuzenean. Bestela, online ere egin daiteke tramitea (hemen).

Irailean hasiko diren ikastaroak honako hauek dira: frantsesa, ingelesa, errefortzu akademia (berria), euskal dantzak, trikitixa, panderoa, eskulanak eta zaharberritzea, egur tailla, puntua, joskintza, senti dantza umeentzat, yoga, capoeira (berria), hipopresiboak, stretching balance, step fitness, egokitzapen fisikoa, gimnasia funtzionala (berria) eta entrenatzaile pertsonala. Ikastaro bakoitzaren nondik norakoak eta xehetasunak jasotzen dituen liburuxka ere kaleratu dute.

Informazio gehiagorako, bidali mezua ikastaroak@itziar.eus helbidera edo deitu 943 19 92 55 telefono zenbakira. Nahiago izanez gero, interesatuek Itziarko harrera bulegora (Mutxiarte kalean) jo dezakete zuzenean, ondoko ordutegian: 10:00-13:00, astelehenetik ostiralera.