Hamarnaka lagunek erantzun dio Covid pasea salatzeko deialdiari

Berriketan 2022ko urt. 29a, 09:51

“Diskriminaziorik gabeko herrian bizi nahi dugulako Covid paseari ez” lemapean egin da eguerdian elkarretaratzea plaza berrian eta hamarnaka pertsona bertaratu dira Covid paseari beren desadostasuna erakusteko.

Askatasunari buruzko hainbat kantu hondoan zutela elkartu dira hamarnaka pertsona gaur, urtarrilak 29, herriko plazan Osasun Haziak taldeak deitutako elkarretaratzean. Gune publiko zein pribatuetan ez txertatzeko erabaki librea hartu duten herritarrei sarbidea galaraztea salatu nahi izan dute bertaratuek.

Ekitaldiaren amaieran idatzi bat irakurri dute Osasun Haziak taldeko bi kidek eta, besteak beste, jakinarazi dute Udalari dagokion zatian, leku publikoei dagokienez, “injustizia” hori eteteko eskaera egin zietela.

Bukatzeko, parte-hartzaile guztiek batera Mikel Laboaren “Lilurarik ez” kanta kantatu dute.