Guztia prest dago Itziarko 69. Gau Ibilaldia egiteko

Berriketan 2023ko mai. 5a, 12:00
Izaera erlijiosoa duen gau ibilaldi ezaguna larunbat (maiatzak 6) iluntzean abiatuko da Donostiatik eta biharamun goizaldean amaituko da Itziarren.

Zoriontsuak? Bai! Zergatik ez? lelopean larunbatean (maiatzak 6) egingo dute aurtengo Itziarko Gau Ibilaldia. 20:00etan jarri dute hitzordua, Donostiako Ondarreta hondartza aurrean dagoen Ezeiza jatetxearen parean, eta parte hartzaile guztiak batu ondoren, ibilbideari ekingo diote. Aurreikuspenak betetzen badira ibiltariak hurrengo eguneko 06:00ak aldera iritsiko dira Itziarrera.

Ibilbidea aurreko urteetako bera izango da. Parte hartzaileek, ohi modura, Gipuzkoako kostaldearen zati handi bat zeharkatuko dute mendiz zein errepidez. Zehazki, 42 kilometro inguruko ibilbidea osatu beharko dute hamar bat orduan. “Donostiatik hasi eta Itziarrera bidean, besteak beste, Igeldotik, Oriotik, Zarauztik, Getariatik, Azkitzutik eta Zumaiatik igaroko dira ibiltariak”.

Antolatzaileek gaineratu dutenez, bidean hainbat geldialdi ere egingo dituzte, “atseden hartu eta indarrak berreskuratzeko”. Ibilbidearen zailtasuna eta luzera kontuan hartuta, gainera, autobus bat ere jarriko du antolakuntzak ezarritako erritmoari jarraitu ezin dioten ibiltariak Itziarrera eramateko; autobus hori Zumaian hartu ahal izango dela eta doakoa dela iragarri dute.

Antolatzaileek oroitarazi dute Itziarko Gau Ibilaldia ez dela mendiko ibilaldi “huts” bat, baizik eta kutsu erlijiosoa duen ibilaldia

Gogorarazi dute komenigarria dela ondo prestatuta joatea eta, aldi berean, ura, jateko zerbait, linterna bat, arropa eta oinetako egokiak eramatea. Segurtasun neurriak betetze aldera, gainera, ibilaldiaren antolatzaileek jakinarazi dute hasierako gurutzearen eta bidea ixten duen auto artean doan jendea soilik hartuko dela ibilaldiko parte hartzailetzat.

Parte hartzea doakoa da eta nahi duen guztiarentzat irekita dago; bideaz “gozatu” nahi duten guztiak ongi etorriak izango direla nabarmendu dute. “Ehunka lagun biltzen dira urtero ibilaldian; etorri, esperientziak merezi du eta”. Eta gaineratu dute ez dela beharrezkoa aurrez izena ematea. “Nahikoa izango da hitzordua zehaztutako leku eta orduan egotea”.

Antolatzaileek oroitarazi dute Itziarko Gau Ibilaldia ez dela mendiko ibilaldi “huts” bat, baizik eta kutsu erlijiosoa duen ibilaldia. “Asmo horrekin dago antolatuta. Isiltasun eta errespetu giroan, hitzaldi labur, poema erlijioso eta abarren bitartez, gogoetak eskaintzen dira ibilbidean zehar”. Ibilaldiari amaiera emateko elizkizuna ere izango da aukeran. “06:30ean ospatuko da meza, Andre Mariaren Santutegian, Fernando Prado Gipuzkoako gotzain berria buru dela“.