Gizonei, maskulinitateei eta botereari buruz hausnartuko dute Deban

Berriketan 2022ko aza. 2a, 14:23

Gizonen desboteretzeko bi saio antolatu ditu udalak, Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira antolatu diren ekintzen artean.

Hiruki Larroxa kolektiboak dinamizatuta, Berdintasunaren aurreran gizonok zer? izeneko saioak eskainiko dituzte Deban. Saioen helburua da, batetik, gizonek indarkeriaren adierazpen desberdinak identifikatzea, eta berdintasuna lortzera bidean, horien aurkako jarrerak garatzea; eta, bestetik, egunerokotik hasiz, berdintasunaren bidean jartzeko tresna eta dinamikei buruz hausnartzea.

Bi parte hartze saio egingo dira denetara, eta horietan gizontasun ereduak eragiten dituen bizipen eta indarkeriak mahai gainean jarriz hausnarketa pertsonal zein kolektiboak sustatuko dira. Lehenengo saioa azaroaren 10ean izango da eta, bigarrena, azaroaren 11n. Saio bakoitza bina ordukoa izango dela aurreratu dute; 17:00etatik 19:00etara egingo dira, Agirre jauregiko Ispiluen gelan.

Bertan parte hartzeko interesa daukatenek aldez aurretik izena eman behar dute berdintasuna@deba.eus posta elektronikora idatzita edo 943 19 28 40 telefono zenbakira deituta; horretarako azken eguna azaroaren 8a da. Iragarri dute saioak egin ahal izateko gutxieneko sei laguneko taldea osatu beharko dela.