Giro aparta Kolore Anitzen Aste Santuko txangoan

Berriketan 2022ko api. 27a, 12:47

Apirilaren 22tik 24ra bitartean, Hondarribiko Aterpetxera hiru eguneko txangoa egin du Zuhatza Euskara Elkarteko Kolore Anitz Aisialdi Taldeak. Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleek hartu dute parte Aste Santuaren azken txanpan egindako egonaldian.

“Ekintza berri ugari, barre algarak, lagun berriak, korrikaldiak, gaubelak…” egiteko proposamena zekarten Kolore Anitz taldeko begiraleek eta horiek guztiak eta gehiago ere egin ahal izan dituzte.

Eguraldia lagun izan ez dutenez hainbat tailer egin dituzte bertaratu diren umeek (TieDye kamisetak tindatzekoa, lipdub-a prestatu eta grabatzekoa eta masaje tailerra) eta, horrez gain, beste hainbat joko ere egin dituzte, eta baita gaubela ere, beldurrezko ipuin eta guzti.

Kolore Anitzeko begiraleen hitzetan, “umeen artean eta ume eta begiraleen artean giro aparta sortu da, eta umeek primeran pasa dute”. Gainera, gehitu dutenez, parte hartu duten 16 umeek (lau mutil eta 12 neska) datorren urtean ere asteburu pasa honetan parte hartzeko gogoa adierazi diete.