Geoparkeak arrakastaz gainditu du, beste behin ere, UNESCOren azterketa

Berriketan 2022ko urr. 10a, 17:35

UNESCOren Munduko Geoparke izendapenari beste lau urtez eutsiko dio Euskal Kostaldeko Geoparkeak, hirugarren “Txartel Berdea” eskuratu berri du eta. UNESCOren webgunean argitaratu da albistea eta pozarren agertu dira Geoparkeko kudeatzaileak ez ezik, Deba, Mutriku eta Zumaiako udal ordezkariak ere.

Euskal Kostaldeko Geoparkeko arduradunek jakinarazi dutenez, kalifikaziorik altuenarekin gainditu dute azterketa, Green Card edo Txartel Berdea eskuratuta; ikerketa zientifikoaren, kontserbazioaren, hezkuntzaren eta natura-turismoaren alorrean Geoparkeak egindako lana eta bilakaera aztertu dute adituek. Hori hala, 2026ra arte eutsiko dio Munduko Geoparke izendapenari.

Geoparkeen Munduko Sarean jarraitzeko babesa beste lau urterako berritzea lortzen duen hirugarren aldia da hau, eta ez da inolako neurri zuzentzailerik identifikatu. Leire Barriuso Geoparkeko kudeatzailearen esanetan, “aitorpen honek agerian jartzen du UNESCOren balioak betetzen dituen proiektu sendoa dugula”.

“Geoparkearentzat garrantzitsua da Geoparkeen Munduko Sarean jarraitzea, hori baita gure lan-esparrua. Aintzatespen honek gure ondare naturala eta kulturala zaintzeko eta sustatzeko ahaleginak areagotzera bultzatzen gaitu”, nabarmendu du Barriusok.

Halaber, Barriusok eskerrak eman dizkie “era batera edo bestera Euskal Kostaldeko Geoparkearen parte diren lagun guztiei: erakundeei, gizarte-, ekonomia- eta hezkuntza-arloko eragileei eta, noski, Geoparkeko herritarrei, izan ere, Unescoren aitortza guztion elkarlanari esker etorri da”.

Kudeatzailea ez ezik, Geoparkea osatzen duten Deba, Mutriku eta Zumaiako udaletako ordezkariak ere pozik agertu dira UNESCOren ebazpenarekin.

Ebaluatzaileak ekainean izan ziren gurean bisitan.

UNESCOko adituen azterketa. Joan den ekainaren 14tik 17ra bitartean egin zen ebaluazioa. Alemania-Poloniako Muskau Arc UNESCO Global Geoparkeko Manfred Kupetz, eta Italiako Pollino UNESCO Global Geoparkeko Egidio Calabrese izan ziren Geoparkearen azken lau urteotako kudeaketa eta aurrerapausoak aztertzeko ardura izan zuten bi ebaluatzaileak. Lau egunez, besteak beste, Euskal Kostaldeko Geoparkeko interesgune nagusiak bisitatu zituzten eta eragile eta erakunde ezberdinetako ordezkariekin elkartu ziren.

Geoparkearen balio paisajistikoa eta geologikoa nabarmendu zuten bi ebaluatzaileek, eta “oso positibotzat” jo zuten Geoparkeak bertako ondare geologikoaren zabalkundea eta kontserbazioa sustatzeko egiten duen lana, baita erakunde ezberdinen eta eragile publiko nahiz pribatuen arteko lankidetza estua ere.