Gazte asanbladaren hogeita batgarren urtemuga ospatuko dute azaroan

Berriketan 2021ko aza. 12a, 11:48

Azaroaren 20tik 27ra ospatuko du Debako Gazte Asanbladak bere XXI. urtemuga eta urtero legez kultur ekimen ezberdinez osatutako programazioa kaleratu dute.

DGAren urtemugako ekimenak bi asteburutan izango dira. Lehen larunbatean, azaroak 20, asanbladako kide eta kide ohien babajana antolatu dute Gaztetxean.

Hurrengo astean aldiz, egitaraua bi egunetan banatuko da. Alde batetik, ostiralean, haurrentzako ipuin-kontaketa egingo da Gaztetxean Debako Kontalarien eskutik. Ondoren, txokolatada egingo da bertaratu diren ume zein helduentzat. Larunbatean, azaroak 27, Gasteizko Ttek elektrotxarangak piztuko du jai giroaren zuziria. Elektrotxaranga 19:00etan Plaza Zaharretik abiatuko da eta kalejira burutuko du herriko kaleetan zehar 22:30ean Gaztetxera iritsi arte. Jarraian Debrass Band eta Bassque Reggae Kultur taldeen kontzertua egongo da Gaztetxean.