Elkano Itsas Herria ekimenak kresal eta kulturaz zipriztinduko du herria aste honetan

Berriketan 2022ko uzt. 4a, 09:00
Euskal Herriak itsasoarekin izan duen lotura berreskuratzeko zeharkaldi kulturala da euskal kostaldean burutzen ari den Elkano Itsas Herria ekimena, eta gaurtik, uztailak 4, 8ra bitartean geurean izango da herria itsas kulturaz blaitzen.

Euskal Herriaren itsas historian oinarria duen ekimena da eta Elkano Fundazioak, Albaolak eta Donostiako Euskal Itsas Museoak garatu dute. Maiatzaren 26an Pasaiako Itsas Festibalean hasita, Juanita Larando patatxak euskal kostaldeko hogei herri baino gehiago zeharkatuko ditu eta hori gertatzen den bitartean plazetan itsas ondareari buruzko jarduerak antolatuko dira, kostaldeko herriek komunean duten ondarearen ingurukoak. Irailaren 6an bukatuko da Getariako Elkano Egunean parte hartu ondoren. 

Kultur programazioa

Maiatza eta iraila bitartean, Juanita Larandok –XVIII. mendeko patatxa baten erreplika, belaz eta arraunez mugitzen dena eta Albaolako Aprendiztegi erribera ontzigintza eskolan eraikia– euskal kostalde guztia portuz portu zeharkatuko du.

Elkano Itsas Herriaren zeharkaldi kulturalaren osagarri, erakusketa ibiltari bat egingo da, itsas kulturak euskal gizartearen garapenean izan duen garrantzia nabarmentzen duten hainbat bloke tematikoz osatua. Gainera, erakusketa horrekin batera, itsasoa, nabigazioa, Lehen Mundubira, itsas ezagutza, Euskal Herriko itsas historia, eta, bereziki, bisitatuko diren herrien inguruko zenbait jarduera egingo dira. Hitzaldi historikoak, solasaldiak, bertsolariak, musika, dantza, ipuin kontalariak, tailerrak, dokumentalak eta ontzian nabigatzen ikasteko asmoz Juanita Larandorekin egingo diren irteerak izango dira egitarauaren barruan.

Elkano Itsas Herria geurean

Gaur, Mutrikutik sartuz, Deba-Itziarrera iritsiko da patatxa. Lehenengo egun honetan egun osoan zehar erakusketak izango ditugu portuan. 18:00ak inguruan iritsiko da patatxa portura eta han egingo zaio harrera-ekitaldia.

Bihar, uztailak 5, egunean zehar, informazio-puntua eta erakusketak egongo dira portuan. Arratsaldez, berriz, aukera izango da arraun egiteko patatxan. Horretarako izena eman beharko da Turismo bulegoan. 19:00etan, gai ardatzaren inguruko Alex Turrillasen hitzaldia izango da Itziar (1294)-Deba (1343): Una historia ligada al mar, Kultur Elkartean.

Uztailaren 6an erakusketak eta informazio-puntua Debako portutik Itziarko plazara igoko dira. Arratsaldez, aukera izango da patatxan arraun egiteko. Horrez gain, Itziarko plazan ekitaldia izango da eta Itziarko Ama Birjinari eskaintza egingo zaio.

Uztailaren 7an ere, arratsaldez, aukera izango da patatxan arraun egiteko. Eta Itziarren, 18:00etan, Xabier Alberdiren hitzaldia izango da elizan: “Itziar eta itsasoa kofradi baten historia”.

Uztailaren 8an, ostiralarekin, bukatuko dira ekimenak geurean, patatxak bere ibilbidea jarraituko baitu, Zumaiarantz.

Turismo bulegoan izena eman beharko da patatxan arraun egiteko.