Eguzki plaka fotovoltaikoak jartzen hasi dira kiroldegian

Berriketan 2023ko ots. 7a, 14:52
Inbertsio horri esker, urtero 7.100 euro aurreztuko ditu udalak.

Lanak asteon hasi dituzte, eta udal iturriek jakitera eman dutenez, Debako Udalak Naturex Energia Renovables enpresari esleitu dio kiroldegiko teilatuko eremu batean eguzki plaka fotovoltaikoak jartzeko obra. Plaken instalazioak eta lau urterako mantenuak 33.605,01 euroko (BEZ aparte) kostua daukate, eta horretarako, Espainiako DUS 5000 deialdian diru laguntza eskatu du udalak.

Egindako kalkuluen arabera, kiroldegiko instalazioak urtean 28.162,56 kWo sortuko ditu, eta horri esker, 7.100 euro aurreztuko dira urtean. Sortuko den energia horrekin, gainera, beste hainbat udal eraikin ere hornituko ditu udalak. “Proiektatutako eguzki instalazio fotovoltaikoen potentzia 26,68 kWp-koa izango da, eta autokontsumo kolektiboko modalitatea izango du, energia soberakinak beste eraikinekin konpentsatuz. Hau da, kiroldegiaz gain, udaletxea eta eguneko zentroa ere energia elektrikoz hornituko ditu. Hiru eraikinek urtean 140.541 kWo kontsumitzen badute, horietatik %20,04 modu berriztagarrian sortutakoa izango da”.

Zehaztu dutenez, kiroldegian eguzki plakak jartzea iaz amaitutako Debako eta Itziarko Klima eta Energia planaren barruan jaso zen. “Ekintza plan horrek, muturreko gertaeren aurrean dauden arriskuen kudeaketa hobetzeaz gain, argiteria eta eraikin publikoen energia kontsumoa gutxitzeko hainbat ekintza jasotzen ditu”. Plan horrekin lotuta, energia aurrezteko honako jarduerak egin zituen 2022an udalak:

  • Hainbat eraikinetako argiteria led bonbillengatik ordezkatu zituzten; besteak beste, Gaztelekukoak, Aldats frontoikoak eta futbol zelaikoak.
  • Argiteria publikoan ere led bonbillak jarri zituzten; besteak beste, Kalbeton zumardian, San Josepen, Osion eta tren geltokiko aparkalekuan.

Udal iturriek iragarri dutenez, plan horren barruan beste hainbat ekintza ere abian jarriko dituzte 2023an. “Lan horietan aritzeko, energia kudeaketako eta klima aldaketako teknikari bat kontratatu da, hamar hilabetetarako. Aditu hori Eusko Jaurlaritzako programa berezi baten bitartez dator, Lanbideren eskutik”.