Egokitzapena behar duten Debako eta Itziarko umeentzat eskola kirola eskainiko da Zumaian

Berriketan 2021ko aza. 18a, 19:12

2022a hastearekin batera, egokitzapena behar duten umeentzako eskola kirola jarriko da martxan bost herritan. Debako Udalak eta Itziarko Auzo Udalak ekimenean parte hartuko dute Aizarnazabalgo, Zestoako eta Zumaiako udalekin batera. Aizarnazabalen astelehenean egindako agerraldian aurkeztu zuten egitasmoa; tartean izan ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko kideak ere.

Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak jakinarazi zuenez, Gipuzkoan hamar pertsonatik batek du ezgaitasun ziurtagiria eta, hain zuzen, aniztasun funtzionala duten haur eta gazteek “kalitatezko” eskola kirola egiteko eskubidea bermatua izan dezaten egin dute bat udalek, Aldundiak eta federazioak.

Gainera, “eskualde izaera” eman diote egitasmoari: “Udalerri txiki eta ertainetan ezgaitasuna duten haur eta gazteen premiei erantzun ahal izateko elkartu gara, eta gure helburua da guztiek izatea eskola kirolerako aukera”, adierazi zuen Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak. Izan ere, haren hitzetan, kolektibo hori bi aldiz da kaltetua: “Desgaitasuna edukitzeagatik kaltetua izateaz gain, landa eremuetan edo herri txikietan daudelako ere badira”. Egitasmoarekin, beraz, bi egoera horiei aurre egin nahi zaie.

Izen-ematea, zabalik

Amaia Elizondo federazioko ordezkariak ere ildo beretik hitz egin zuen, eta adierazi zuen egokitzapena behar duten umeek eskola kirola egiteko eskubidea urratuta izan dutela, eta behar hori asetzeko abiatu dutela egitasmoa. LHn eta DBHn dabiltzan umeei zuzendu diete eskaintza, eta horiek astean bi saio egingo dituzte, Zumaian. Saio bat lehorrean izango da, eta bestea igerilekuan. Gaurtik hasita, datozen bi asteetan egongo da zabalik izen-ematea, eta interesa duenak tokian tokiko eskoletan eta kiroldegietan egin dezake. Proiektuaren inguruko informazio gehiagorako, berriz, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioaren telefono zenbakira deitu dezakete (943 46 25 14).

Arantza Egaña Itziarko auzo alkateak, bere aldetik, adierazi zuen “gogotsu eta pozik” dagoela proiektuan parte hartzeko aukera izan dutelako. Izan ere, Itziar zein Deba Debabarrena eskualdekoak dira, baina Egañak azpimarratu zuen egunerokoan “loturak” dituztela Urola Kostako hainbat udalerrirekin: “Finean, errealitate berdintsua eta harreman naturalak ditugu Urolarekin”.

Bestalde, Libana Taboada Aldundiko Kirol teknikariak azaldu zuen dagoeneko Gipuzkoako hamabost herritan eskaintzen dela eskola kirol egokitua eta, guztira, 200 lagun ari direla parte hartzen. “Jarduera fisikoaren bitartez, gizarte inklusioari lehentasuna ematea zer garrantzitsua den azpimarratu nahi dugu”.